Oinkari dantza taldearen lan berriaren aurkezpena etzi, Leidor aretoan

Ataria 2013ko uztailaren 10a

Villabonako Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroak elkarlanean, Itsasoaren Emazteak ikuskizuna estreinatuko dute etzi,

ostiralean, Tolosako Leidor aretoan, 22:30etik aurrera.

Amantalen Ahotsa ikuskizunean egin zuten topo lehen aldiz Oinkarik eta Hikak. Euren artean harreman «oso ona» sortu zen, eta horregatik erabaki dute lan berrian elkarlana errepikatzea. Gainera, Hika Teatroko Agurtzane Intxaurraga da ikuskizuneko zuzendaria.

Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak, euskal dantzak oinarri hartuta kontatzea du helburu ikuskizunak.  Proiektuak forma hartu ahala, bidelagun gehiago izan dituzte. Musikari dagokionez, Pello Ramirezen lana azpimarratu du Villabonako taldeak, «emanaldia osotasun batean biltzen duen musika espresuki prestatu duelako». Hain zuzen ere, bera izango da zuzenean, taula gainean, Angel Unzu, Xabier Zeberio eta Fredi Pelaez musikariekin. Parte hartuko duten aktoreak, berriz, Agurtzane Intxaurraga eta Miren Gojenola izango dira. Beraiek emango dute emanaldiaren haria, itsasoaren emazteen paperetik, historia lehen pertsonan kontatuz. Koreografiak Kukai dantza konpainiak eta Hika Teatroak prestatu dituzte. Taula gainean orotara, 51 dantzari, 4 musikari eta 2 aktore izango dira.

Emanaldiko sarrerak eskuratu daitezke oraindik, kutxasarrerak.com-en edota Leidorren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!