Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak azaleko minbiziaren aurkako kanpaina jarri du martxan Tolosaldean. Hain zuzen ere, Tolosan eta Villabonan bultzatuko dituzte ekimenak.
Tolosan uztailaren 11n eta 12an izango dira Minbiziaren Aurkako elkartekoak, eta Villabonan, uztailaren 17an. Prebentzio kanpainarako karpa bat eta furgoneta interaktibo bat erabiliko dituzte. Furgonetan bi profesional egongo dira informazioa banatzen eta azaleko fototipoaren inguruko frogak egiten. Elkarteko boluntarioak, bitartean, karpan egongo dira gerturatzen diren gaztetxoei informazioa banatzen eta eguzkiarekin zerikusia duten jokoak egiten. Azaleko minbizia zer den eta nola prebenitu daitekeen erakutsi nahi dute elkartekoek ekimen honen bidez.