Udako solstizioarekin batera, 2013ko San Joan jaiak pasa berritan, lerro hauek idazteko beharra sentitu dugu.
Oraindik herriko jaien biharamuneko irribarrea dugu ahoan, irudiak ikusiz areagotzen dena.
Aurtengo San Joan jaiak gogoangarriak izan behar zuten hogeita hamar urte bazirelako lehen aldiz gure herrian emakumeak eskopetariz atera zirela. Horregatik, udal gobernuak aurtengo jaiei hasiera emateko aukera eman nahi izan zien. Izan ere, eurek duela hogeita hamar urte emandako pausoaren ondorioz gaur egun, emakume edo gizon izan, festan parte hartzeko aukera ireki zuten.
Eta honekin batera, aurten, hogeita hamar urte beranduago, lehen aldiz emakume bordondatzariak izan ditugu. Pozgarriak eta hunkigarriak izan dira, era berean, aurtengo bordondantzarien emanaldiak.
Udalbatzako kide, tolosar eta emakume garen aldetik ohore bat izan da aurtengo egun handia zuekin bizitzea. Inoiz atzera begiratzen dugunean zuetaz oroituko gara. Mila esker bihotz-bihotzez duela hogeita hamar urte pausoa eman zuten emakumeei eta aurten eman duzuenoi. Biba zuek!
Baina ez ahaztu, honek aurrera darrai, badago zer egiteko oraindik jai parekideagoen alde, guztiak errespetatuak izango garen jaien alde. Guk lanean jarraituko dugu pausoz pauso egiten baita bidea, eta noski, tolosar guztiak, izan gizon edo emakume bidelagun izatea espero dugu. Urte osoa dugu jaiak antolatzeko, ea datorren urteko udako solstizioak zer dakarren…
Lore Agirre eta Miren Urkola. Tolosako Udaleko zinegotziak.