Tolosako Udalak alokairuan jarriko ditu Larramendi auzoko 81 aparkaleku, gehienez ere 3 urtera luzatu ahal izango diren kontratuekin. Izen ematea hilaren 8an zabalduko dute, irailaren 13ra bitarte.
Ibai Iriarte alkateak, aparkalekuak alokairuan eskaintzearena «apustu ausarta» dela nabarmendu du, eta beharrezkotzat jo du erabakia. Izan ere, orain arte kontzesio kontratuekin eskaini izan dira Tolosan aparkalekuak, eta egoera ekonomikoak bultzatu du udala, erabaki hau hartzera; esaterako, Berazubi auzoan aparkalekuak eraikitzeko egindako eskaintzan, 17 herritarrek bakarrik egin zuten eskaera, eta 31 behar zituzten gutxienez: «Egungo egoera ekonomikoa eta lan kontratuen ezegonkortasuna ikusita, eskaintza malguagoak behar dira. Gainera, udalak jada ordainduta dituen azpiegiturak hutsik egotea ezinezkoa da».
Horrela, beraz, Arrillaga plazako aparkalekuen alokairu kontratuak urtebeterako sinatuko dituzte, hasiera batean; gero, urtez urte luzatu ahal izango dira, baina gehienez ere hiru urtez mantendu ahal izango dira kontratuak.
Prezioari dagokionez, berriz, aparkalekuak hartzen dituztenek urtean 480 euro ordaindu beharko dute alokairuagatik. Kopuru hau ordaintzeko bi bide eskainiko dizkie udalak herritarrei: batetik, 480 euroak aldi batean ordaindu ahal izango dira, eta bestela, ordainketa zatikatua hautatu ahal izango da, 270 euroko bi ordainketa eginez.
Aitziber Lazkanok eta Ibai Iriartek nabarmendu dutenez, bi irizpide nagusi erabili dituzte alokairuen prezioak zehazterakoan: «Udalak ez du etekinik aterako aparkalekuen alokairuekin, eta beraz, gastuak ordaintzeko adinako prezioa zehaztu dugu, batetik. Horrekin batera, kontzesioan eskaini genituen aldameneko aparkalekuen prezioekin alderatu, eta bien arteko oreka bat ere bilatu nahi izan dugu».
Lurpeko aparkalekuen eskaintza malguagotu duten arren, Iriartek argi utzi nahi izan du, Tolosako Udalak ziurtatu egin nahi duela benetan dagoen eskaria. Izena ematerakoan, beraz, eta beste zenbait kasutan egin duten bezala, eskatzaileek 100 euro aurreratu beharko dituzte berme moduan.
Halaber, gutxieneko eskaera kopuru bat zehaztu dute egitasmoa gauzatzeko: 52 eskaera baino gutxiago jasotzen badituzte, prozesuak ez du aurrera jarraituko. Aldiz, Tolosako Udalak 81 eskaera baino gehiago jasotzen baditu, zozketa bidez banatuko dituzte aparkalekuak.
Lehentasunak zehaztuta
Arrillaga plazako aparkalekuak esleitzeko zozketa egin behar izanez gero, alokairua arautzen duen baldintza pleguan zehazturiko lehentasunen ordena erabiliko dute.
Horrela, lehentasuna izango dute, hasteko, Arramele-Arkaute nahiz Santa Luzia eremuan bizi diren herritarrek. Bigarren postuan Alde Zaharreko eta Gorosabeleko biztanleak leudeke, eta hirugarrenean, Tolosako gainerako egoiliarrak. Era berean, Tolosan lan egiten dutenek nahiz eskualdean bizi direnek ere izango dute aukerarik aparkalekuak eskuratzeko.
Azkenik, Arrillaga plazako aparkalekuen eskaera egin ahal izateko, zenbait baldintza bete beharko dituzte herritarrek: batetik, ibilgailuen jabeak izan beharko dute, eta gidabaimena dutela ere ziurtatu beharko dute. Era berean, Tolosan bizi diren eskatzaileek, nahiz jarduera komertzial, industrial edo profesionalen bat Tolosan egiten dutenek ere ziurtatu egin beharko dute.
Izena emateko, Tolosako udaletxeko arreta zerbitzuan bete beharko da inprimakia, Udaten. Bestela, www.tolosakoudala.net atarian ere eskuratu ahal izango da izen emate orria.
Informazio gehiago eskuratzeko, Tolosako Udaleko etxebizitza zerbitzura jo daiteke, 943 69 74 91era deituz, eta etxebizitza@tolosakoudala.net-era idatziz.
Alokairuen prezioa
480 euro. Aparkalekuen ordainketa bi zatitan egiteko aukera ere eskainiko die udalak, hala nahi dutenei.