Mozorroek jantziko dute Tolosako Amarotz auzoko jaietako lehen eguna

Ataria 2013ko uztailaren 4a

Urteroko moduan, San Ferminekin bat eginez, Alde Zaharrean eta Iurreamendin ere jaiak izango dira

Uztaileko lehen asteburua gorriz margotu ohi dute Tolosako Amarotz auzoko bizilagunek, jaiak antolatzen dituztelako. Duela bizpahiru urtez geroztik, mozorro gauak hartu ohi du jaietako lehen iluntzea, eta aurten ere halaxe izango da. Ez da, ordea, Amarotz izango Tolosan jai giroan ariko den auzo bakarra. Izan ere, San Fermin jaiekin bat eginez, Iurreamendi auzoan eta Alde Zaharrean ere sortu dute festarako aitzakiarik.

Iurreamendi auzokoak izango dira jaia abiarazten lehenak, gaur bertan futbol partidak izango baitituzte; helduak ariko dira alde batetik, eta haurrak bestetik. Bihar, berriz, suziria botako dute, eta haurrentzako entzierroa nahiz Larrain dantza izango dira ekitaldi nabarmenenak.

Alde Zaharrean egun bakarreko jaia antolatu dute, eta Plaza Berria izango da festa gune. Aipatzekoa da, barrikoteko edarirako txartelak erosi beharko direla aurretik; gaur eta bihar izango da horretarako aukera, Plaza Berrian bertan, 18:30etik 20:30era bitarte. Helduen txartelek 3 euroko prezioa izango dute, eta haurrek ez dute ordaindu beharko. Horrela, txartelen diruarekin jaien gastuak ordainduko dituzte antolatzaileek.

Azkenik, Amarotz auzoan bihar botako dute jaiak abiarazteko suziria, eta mozorro gaua izango da lehen eguneko jarduera nabarmenena. Asteburu osoan luzatuko dira, ordea, jaiak, eta besteak beste, larunbatean Wainot, Rei Kimera eta Atila y lo Unos taldeen emanaldiak izango dira. Igandean, berriz, aurreskoa dantzatuko dute auzotarrek.

Tolosako auzoetako jaiak asteburuan

AMAROTZ

Uztailak 5, ostirala

16:00. Suziria eta buruhandiak.

16:30. Haurrentzako jolasak festagunean.

18:00. Beti Gazteak lokalean karta-jokoen finala: eskoba, seiko, txintxon eta punttua.

18:30. Txokolate jatea, eta Circortito taldearen La risa es bella anzterki emanaldia.

20:00. Tolosako Musika Bandaren kontzertua.

20:30. Triki poteoa.

21:30. Mozorro gaua. Auzo afaria eta DJ Bull goizaldera arte.

Uztailak 6, larunbata

08:00. Auzoaren garbiketa Txukun Txarra Zaharra taldearekin.

10:00. Diana Konponezinak txarangarekin.

10:30. Haurrentzako puzgarriak eta jolasak.

12:00. Ajoarriero lehiaketa.

12:30. Amarozko haurren dantza emanaldia.

14:30. Ajoarriero lehiaketako sari banaketa, eta auzo bazkaria.

15:00. Puzgarriak eta jolasak.

16:00. Mus txapelketa Ekaitz tabernan, auzokoentzat.

17:00. Anzterkia Xabier Larrearekin: Mr. Frack.

18:00. Herri kirolak. Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariak erakustaldia egingo du.

21:00. Euskaraokea eta playback-a haur eta helduentzat. Ondoren, afaria.

23:00. Kontzertuak: Wainot, Rei Kimera eta Atila y los Unos.

Uztailak 7, igandea

09:30. Diana Giroarte dultzaina taldearekin. Ordu berean, meza izango da auzoko hildakoen alde.

11:00. Artisautza eta mineral erakusketa festa gunean.

11:30. Futbol txapelketa 6 eta 12 urte arteko neska-mutilentzat.

12:00. Amarozko dantza taldearen emanaldia.

14:30. Auzo bazkaria Konponezinak taldeak girotuta.

18:00. Kalejira auzoan barrena.

19:30. Aurreskua.

20:00. Sardina jatea DJ Sorpresak girotuta.

24:00. Bukatu da, bukatu da, bukatu da se acabó... 2014ko uztailaren 4ra arte.

IURREAMENDI

Uztailak 4, gaur. Futbol partidak haur eta helduentzat. Ondoren, auzo afaria norberak etxetik eramandako jakiekin.

Uztailak 5, ostirala. Suziria botako dute, eta jarraian haurrentzako entzierroa nahiz haur jolasak izango dira. Ondoren, Larrain-dantza eta auzo-afaria egingo dituzte.

Uztailak 6, larunbata. Toka txapelketa auzokoen artean eta krosa. Ondoren afaria.

ALDE ZAHARRA

Uztailak 6, larunbata.

12:00. Txupinazoa.

12:30. Patata tortila lehiaketa.

14:30. Herri bazkaria. Barrikotea, etxetik eramandako jakiekin.

17:00. Zezenak eta buruhandiak.

18:30. Txokolate jatea.

20:00. Gaixoa ni!

Egun osoan. Puzgarriak eta tailerrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!