Berreskuratze bidean jarriko dituzte bertako zuhaitz espezieak, Uzturren

Ataria 2013ko uztailaren 3a

Iñaki Aizpuru, Hasier De los Rios, Julian Unanue eta Iñigo Muñoz.

Uzturre mendian bertako zuhaitz espezieak berreskuratu, eta «Tolosa jasangarriago bat sortze bidean», egitasmo berri bat ezagutarazi du Tolosako Udalak: «Azken hamarkadetan herriko biodibertsitatearen alde egin den proiekturik garrantzitsuenetakoa da». Izan ere, Uzturren udalarena den 24,4 hektareako lursaila ustiatuko dute, gaur egun dauden pinuak ateraz eta bertakoak diren espezieak landatuz.

Agerraldian, Naturzaindiako Iñaki Aizpuru, Tolosako Udaleko ingurumen zinegotzia Hasier De los Rios, Gipuzkoako Foru Aldundiko mendietako eta natura

inguruneko zuzendari Julian Unanue, eta Tolosako Udaleko ingurumen teknikari Iñigo Muñoz izan dira.

Aldundiko Unanuek, bere aldetik, «beste behin bertako espezieen aldeko apustua» egin dutela nabarmendu du, «batez ere herri lurretan». Horrela, kudeaketa lanetan ariko da foru aldundia, eta besteak beste, aterako dituzten pinuak aprobetxatzea proposatu dute.

Naturzaindia, berriz, duela pare bat urte sorturiko taldea da, eta Gipuzkoan herritarren aldetik gisa honetako egitasmoei bultzada bat ematea du helburu, Iñaki Aizpururen esanetan: «Biologoak, ekonomilariak nahiz ingeniariak elkartzen gara, eta erakundeekin lan egitea izan da beti gure asmoa; horrela, ingurumen teknikariekin lankidetzan aritzen gara».

Aditu hauek nabarmendu dutenez, Uzturren bertako espezieak landatzeak «paisajeari nabarmen eragingo dio, baina biodibertsitaeari ere bai, 20 zuhaitz espezie baitaude berez Uzturren». Bide honetan, aberastasun horri laguntzeko elkartu dira hiru eragileak, eta honetarako, hilaren 15ean hasiko dira lanean; aurreikuspenen arabera, azarora bitarte ariko dira jardun horretan.

Gipuzkoa erdiguneko korridore ekologikoaren zati da Uzturre, eta ondorioz, EAEko korridore ekologikoen sarean dago. Honen harira Naturzaindiako Iñaki Aizpuruk azaldu duenez, «leku estrategikoan dago, Nafarroako mendiekin bat egiten duelako, eta baita Aiako Harria korridorearekin ere».

Egitasmoaren punturik berritzaileena, dena den, pinuak ateratzeko prozedurarena da, izan ere, ez dute ohiko sistema erabiliko. Zuhaitzak moztu eta bota beharrean, atera egingo dituzte, eta horretarako garabiak eta kableak erabiliko dituzte. Metodo hau baliatzeak, lurzoruari kalte gutxiago eragiten diola nabarmendu dute arduradunek, eta horrekin batera, behetik hazten ari diren bertako zuhaitzak ere babestu egiten dira.

Lan hauek guztiak lehiaketa irabazi duen Tolosako Bimendi enpresak burutuko ditu, eta Tolosako Udaleko Iñigo Muñoz ingurumen teknikariak azaldu duenez, Gipuzkoa osoan teknika hau erabiltzen duen enpresa bakarra da.

Pinuak kableekin atera eta materiala puntu horretaraino eramateko, gainera, zenbait obra egiten hasiko dira lehenengo, hilaren 15ean. Horrela, telegrafo zaharretik Uzturrera doan bidea itxi egin beharko dute egun batzuetan.

Hasier De los Riosek udalak esku artean duen proiektuak hiru fase izango dituela nabarmendu du, biodibertsitatetik harago joango dela azpimarratuz. Lehen zatia, radiata eta larizio espezieetako pinuak atera eta hauen ordez bertako zuhaitzak landatzearena izango da; aipatzekoa da, duela 56 urte, egurra ateratzeko helburuz, bi espezie horiek bakarrik landatu zituztela lursail horretan.

Lehen pauso honen ondoren, ordea, nolabaiteko gizarteratze prozesua martxan jarriko dute, herritarrek inguru horrekin bat egin dezaten. Horregatik, bertako ondarea berreskuratzea aurreikusi dute bigarren faserako: Miserikordia edo erietxe zaharreko baratzak harrizko terrazetan egokituko dituzte, eta arrastoak ere bai.

Horrez gain, zenbait mahai jartzea ere pentsatu dute, eta telegrafo zaharrean begiratokia egokitzeko ideia ere aipatu dute. Halaber, Tolosan urtero ospatzen duten zuhaitz eguna ere, egitasmo honi lotzea aurreikusi dute, eta herritarrek eurek bertako espeziak ezagutu ahal izango dituzte. Azkenik, zonaldea erabilera publikorako egokituko dute, seinale nahiz panelak jarriz.

Orain dela 56 urteko landatzea

Egitasmo honen bidez berreskuratu nahi duten lursaila, Miserikordiarena edo San Inazio erietxearena zen garai batean.

1966. urtean kontsortzio bat sinatu zuen Miserikordiak, estatuko baso ondarearekin, eta ondorioz pinuak landatu zituzten, ahalik eta gehien aprobetxatzeko

baldintzapean, egurra ateratzeko.

Honen ondoren, 1989. urtean baso garbiketa bat egin zen arren, gaur arte ez da beste lanik egin 24,4 hektarea horietan, eta beraz, 56 urte igaro dira jada, pinu haiek landatu zirenez geroztik.

Pinudiak egoera txarrean daudela azaldu du De los Riosek, eta lehen urteetan, paisajeari dagokionez, hutsunea nabarituko den arren, bertako zuhaitzak hazten direnean asko irabaziko du Uzturreko basoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!