Turismo eskaintza zabaltze aldera, martxan da Tolosako autokarabanen gunea

Ataria 2013ko uztailaren 3a

Tolosaldeko Turismoko Plan Estrategikoan beste pauso bat emanez, eta turismo eskaintza zabaltzeko bidean, ireki dute jada, Tolosako autokarabanentzako zerbitzugunea. San Esteban auzoan egokitu dute lekua, eta Tolosako Udalak, besteak beste, «bestelako publiko bat ere Tolosara erakartzea» du helburu.

San Esteban auzoan egokitu dute gunea[/caption]

San Esteban auzoan prestatu duten gunean, autokarabanek edo bizitoki ibilgailuek soilik izango dute aparkatzeko aukera, eta beraz, kamioi, auto nahiz karabanek ezingo dute bertan egon.

Funtzionamenduari dagokionez, berriz, zerbitzugunea epe motzeko geldialdiei begira egokitu dute. Horrela, gehienez ere 72 orduz utzi ahal izango da ibilgailua bertan.

Denbora tarteak arautzeko, zerbitzugunera bertaratzen direnek 24 orduz aparkatzeko eskubidea emango dien txartela hartu beharko dute, euro baten truke, gunean bertan dagoen makinan; 10:00etatik hurrengo eguneko 10:00etara bitarteko balioa izango du txartelak.

Aipatzekoa da, era berean, komuneko urak eta dutxako ur zikinak hustutzeko aukera izango dela gunean, eta baita ur garbia eskuratzekoa ere.

Gainera, eta turismoari zuzenduriko egitasmoa den aldetik, San Esteban auzoko zerbitzugunean panel bat ere jarri dute. Bertan, erabilera arauak euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez zehazteaz gain, herriko interesguneen mapa eta bestelako informazioa eskuragarri izango dute bisitariek.

Azkenik, aipatzekoa da, martxan jarri berri den gune hau indartze aldera, udalak autokarabanen topaketa antolatzea ere aurreikusi duela, datorren udazkenerako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!