Aitor Aldalur, Lleidako futbol jokalaria
Futboleko bere ibilbidea hasi zuen estadioan dago zain Aitor Aldalur (Tolosa, 1991), Berazubi Estadioan alegia. Aurrelari moduan hasi zen talde urdinean, eta urteen poderioz eskuin hegaleko defentsa bilakatu da. Punta-puntako futbol jokalari izatea izan du amets Aldalurrek. Helburu hori lortzeko egin beharreko bidea, baina, ez da erraza izaten futbolarientzat. Ondo aski daki hori tolosarrak. Urte zailak, eta hobeagoak pasa ditu han eta hemen. Orain Lleidak fitxatu berri du datozen bi denboraldietarako. Amets hori lortzeko bidean «beste aurrerapauso» bat gehiago dela dio, eta hasteko ilusioz da.
Aitor Aldalur, Berazubin[/caption]
Gustura al zaude zure helmuga berriarekin?
Bai, oso gustura. Nire ibilbidean aurrerapauso handia da. Talde historikoa da, oso ona gainera. Proiektu serioa egin dute hurrengo urterako, eta aukera ona dut.
Zer nolako erreakzioa izan zenuen Lleida bezalako talde batek zugan interesa zuela jakitean?
Aurtengo denboraldiaren erdialdean banekien ez nuela hurrengo denboraldian Amorebietan jarraituko. Pentsatzen nuen garaia zela aurrerapauso bat emateko. Denbora batez, eskaintzen zain izan nintzen, eta Lleidarena iritsi zen. Hasieratik gogoz hartu nuen, nirekiko erakutsi zuten interesa asko gustatu zitzaidan.
Izan dituzun gainontzeko eskaintzetatik zerk bultzatu zaitu Lleidarena aukeratzera?
Esan dudan moduan, hasieratik erakutsitako interesak. Behin eta berriz galdetu dute. Denboraldi erdian jada deitu zidaten. Beranduago ere bai. Azken batean, horrelako jarrerak erakusten du taldean nahi zaituztela bai edo bai. Futbola gaur egun nola dagoen ikusita eta aurrera egitea zenbat kostatzen den ikusita, asko baloratu dudan gauza izan da. Talde askok gauza asko saltzen dizkizute, baina garrantzitsuena talde horrek benetan zu nahi izatea da, eta hori gertatu da Lleidarekin.
Gainera taldearen helburu nagusia bigarren mailara igotzea da, ezta?
Bai horixe da. Horregatik diot aurrerapauso bat dela. Amorebieta bezalako talde batean, bi denboraldi oso on egin ditugu, baina ez da gure helburu nagusia izan. Lleidan gauzak aldatu egiten dira. Horretaz aparte, niri futbolean jokatzea gustatzen zait, asko bizitzen dut, eta Lleidak minutuak izaten jarraitzeko aukera ematen dit, eta hori ere baloratu dut.
Pasa den urtean Lleidaren aurka jokatu zenuen. Aurkari ikuspuntutik, nolako inpresioa jaso zenuen?
Lehen itzulian, Amorebietan jokatutako partidan irabazi egin genien, baina oso talde lehiakorra eta serioa da. Ondoren, itzulerako partidan, futbol zelaia, zaleak eta guztia gertutik ikusita, talde txukuna iruditu zitzaidan. Gainera, ordurako banekien aukera nuela bertan amaitzeko.
Aurreko astean, Lleidan izan zinen kontratua sinatzeko. Zer nolako harrera egin dizu klubak?
Oso ona. Taldean lanean dabilen jendea ezagutu nuen, futbol zelaia eta gainontzeko instalakuntzak erakutsi zizkidaten, eta ikusitakoarekin oso gustura geratu naiz. Itxura ona du.
Nolakoak dira, bada?
Futbol zelaiak lehen edo bigarren mailako talde askoren tankera du. Gero dituzten baliabideak onak dira: gimnasioa, entrenatzeko soilik erabiltzen dituzten belar naturaleko bi zelai… Eta jende asko dabil atzetik lanean, garbiketa lanetatik hasita, endokrino, masajista edo medikuetaraino. Amorebieta bezalako talde xume batekin konparatuta, ez dago alderik.
Zaleen partetik, nola jaso dute zure fitxaketaren albistea?
Twitter bitartez jarraitzaile askoren mezuak iritsi zaizkit aste guztian zehar. Espero dut hasiera honetan eurek eman didaten konfiantza, beraiei itzultzea.
Futbolari zarenetik, lehen aldiz biziko zara etxetik urruti. Urduri zaude?
Zerbait berria hastera zoazenean beti izaten da horrelako urduritasun puntu txiki bat. Baina orokorrean lasai nago. Taldekide batekin biziko naiz, eta ni pertsona irekia naizenez, ez dut uste zentzu horretan arazo handiegirik izango dudanik.
Zeren falta sumatuko duzu gehien?
Familia, batez ere. Lagunak ere bai. Azken finean, hemen oso ondo bizi gara, hemengo bizia ona da, baina espero dut hango esperientzia ere aberasgarria izango dela.
Atzera begiratu bat egiten hasita, azken bi urteak Amorebietan pasa dituzu. Zer nolako balorazioa egiten duzu?
Oso onak izan dira. Realean urteak eman ditut. Azken urtean bigarren taldean izan nintzen, eta oso urte zaila izan zen niretzat. Amorebietan futbolari bezala egonkortu egin naizela esango nuke. Ulertu dut zer egin dezakedan eta zer ez, eta zentzu horretan oso eskertuta nago Amorebietari.
Minutu asko jokatu dituzu bertan. Lehen aipatzen zenuen konfiantza hori garrantzitsua izan da, ezta?
Bai guztiz. Intxaurraga (entrenatzailea) futbol munduko nire aita bezala izan dela esan dezaket. Berak hasieratik eman zidan konfiantza, eta gauza asko erakutsi dizkit. Eta horregatik guztiagatik oso eskertuta nago.
Zer da ikasi duzun hori?
Realean zaudenean badirudi besterik ez dagoela, eta bertatik alde egitean badirudi futbola bukatzen zaizula. Ikasi dut hori ez dela horrela, eta futbol asko dagoela haratago. Konpetitzen ere ikasi dut. Realean jokalari oso onak daude, baina horrelako talde eta zelaietan ikasten da futbolari bezala gogortzen.
Realetik ateratzea kolpea izan zen?
Egin nuen urtea zaila izan zen, ez bainuen asko jokatu. Hurrengo aurredenboraldian ahal nuen guztia eman nuen, eta oso sentsazio onekin amaitu nuen. Uste nuen jarraitzeko moduan izango nintzela eta egia esan, ez nuen espero handik ateratzea. Baina esaten dizutenarekin ados izan edo ez, errespetatu egin behar da.
Amorebietan izandako bi urteek, beraz, kolpe hori gainditzeko laguntza gisa balio izan dizute?
Nik minutuak nahi nituen, jokatu egin nahi nuen. Amorebietaren aukera sortu, eta niretzat hoberena zela pentsatu nuen. Oso denboraldi onak izan dira, eta orain atzera begiratuta Amorebietagatik ez balitz, ez dakit orain non egongo nintzatekeen.
Txikitan lehen mailako futbolari izatea amesten zenuen. Ume haren amets hark bizirik jarraitzen al du?
Bai, dudarik gabe. Nik hautatu dudan bidea, beste futbolari batzuekiko desberdina da. Bide zuzenagoa da lehen mailako talde baten filial batean jokatzea, baina nik Lleidarekin bigarren mailan jokatzeko aukera ikusi dut, eta behar bada gauza ondo ateraz gero, hor daukat aukera. Gaztea naiz, eta oraindik asko geratzen zait futbolean. Hori bai, pazientzia izan behar da eta lan asko egin, futbolak goran edo beheran segituan jartzen baitu bat.
Realera bueltatuko zinateke?
Bai, noski. Ni beti Realean oso gustura izan naiz, tratu ona eman izan didate beti. Bukaeran ez genuen gaizki amaitu. Nik beraien erabakia errespetatu nuen bezala, eurek nirea errespetatu zuten, eta ez dago inolako ezinikusirik.
Castañedak Realeko lehen taldearekin hasiko du aurredenboraldia
Jagoba Arrasatek, Realeko entrenatzaileak, gaur aurredenboraldia hasteko egindako deialdiaren barnean da Julen Castañeda. Talde txuri-urdineko prestatzaile berriak 22 futbolari deitu ditu, eta nor bere selekzioekin kontzentratuta izan diren futbolariek utzitako hutsuneak betetzeko bigarren taldeko bost jokalari eramango ditu. Tartean da tolosarra. Etxabeguren, Royo, Fuchs eta Sangalli dira beste lauak.