Zumardiaundiko kioskoko lanpostua lehiaketara atera dute

Ataria 2013ko uztailaren 2a

Tolosako Zumardiaundiko kioskoaren ustiapena lehiaketara ateratzea erabaki du udalak, eta interesa dutenek uztailaren 8a bitarte aurkeztu ahal izango dute beren proposamena, 09:00etatik 13:00era bitarte.

Hasiera batean, kioskoaren esleipena sei hilabetekoa izango da, eta bi aldeak ados jarriz gero, beste sei hilabeterako luzatu ahal izango dute kontratua. Tolosako Udalak «bizia» eman nahi dio parkeari, azaldu dutenez, eta era berean, «jendeari inguru eder eta atsegin horretara gerturatzeko beste aitzakia bat» eman nahi diote. Honez gain, herrian enplegua sortzeko eta langabezia murrizteko beste pauso txiki bat ere izango dela azpimarratu du udalak, bereziki lanik ez dutenei zuzenduriko egitasmoa baita.

Datorren uztailaren 8an bildutako proposamen guztiak baloratzeko, eta abantailen araberako zerrenda osatzeko, hainbat irizpide zehaztu ditu Tolosako Udalak. Horrela, beraz, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Tolosan bizi, eta inongo diru laguntza eta sorospenik jaso gabe langabezian dauden herritarrek irizpideetako bat beteko dute. Era berean, langabezian egon eta sorospena jasotzea ere irizpideetako bat izango da; hauek, sorospena jasotzeagatik, puntu gehiago izango dituzte zerrendan.

Hirugarren irizpidea aurrekoen bertsua da, baina Tolosaz kanpo, eskualdean bizi diren herritarrei begirakoa. Azkenik, Tolosaldekoak izan eta 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen langabezia erreferentziarik ez duten herritarrek, nahiz bestelako egoeretan daudenek ere, kioskorako proposamenak aurkezteko aukera izango dute.

Parte hartzeko bideak

Zumardiaundiko kioskoa ustiatzeko proposamenak postaz, telefaxez, nahiz baliabide telematiko eta elektroniko bidez helarazi ahal izango dira udaletxera, eta izenburutzat Zumardiaundiko kioskoan parte hartzeko proposamena erabilita. Honi dagokionez, Tolosako Udalak zera nabarmendu du, herritar bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango duela.

Gainera, aipatzekoa da kontratatzaileak ez duela inongo kanon, fidantza edo alokairurik ordaindu beharko.

Informazio gehiago eskuratu, nahiz kontrataziorako pleguak kontsultatu nahi dituenak, www.tolosakoudala.net ataria bisita dezake.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!