Gay, lesbiana eta transexualen eskubideen nazioarteko eguna da gaur. Hori dela eta, aldarrikapen egunarekin bat eginez, gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko bandera zintzilikatuko da Tolosako kultur etxean, eta asteburu guztian mantenduko da.
Honez gain,Tolosako Udalak bat egiten du kolektibo honen borrokarekin, eta diskriminazioaren aurkako politika aktiboak sustatzeko konpromisoak onartu zituzten, asteartean egindako osoko bilkuran. Bildu, Aralar, EAJ eta PSE-EE udal taldeek honako ekimenak aurrera eramateko erabakia hartu dute: politikoki onartzea eta babestea lesbiana, gay, transexual eta transgeneroen eskubide eta askatasun publikoen defentsa. Horretarako, diskriminazioaren aurkako politika aktiboak sustatuko dituzte, sexu joera eta identifikazio desberdinen normalizaziorantz; eta dauden aurreiritzi eta estereotipoak gainditzeko jarrera irekia garatuko dute.
Honez gain, «homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako informazio eta sentsibilizazio kanpainak» sustatuko ditu, «herritarren kontzientzia solidario berri bat sortu eta jarrerak aldatu daitezen». Hirugarren puntuan, prestakuntza programak eta hezkuntza planak jarriko dituzte herriko ikastetxe, kale hezitzaile eta gazte topaguneen eskura, aipatu taldeetakoak diren pertsonak ez baztertzeko, eta ikasleek beren identitate, afektibitate eta sexualitatea osotasunean gara dezaten. Honela, «beren bizitza proiektuak nahiz eskubide guztiak oztoporik gabe gozatzea bermatuko litzateke».
Udal komunikazioetan berrikusteko eta kontrolatzeko hizkuntza inklusiboaren erabilera berrikusteko konpromisoa ere onartu dute. Izan ere, «argitaratzen diren testuen eta irudien bidez transmititzen dira harreman eta praktika heterosexualen estereotipoak», zehaztu dute udalbatzako alderdi guztiek onartutako mozioan.