Gipuzkoako Txirrindulari Txapelketako azken jardunaldia jokatu zen herenegun Tolosan estreinako aldiz. Tolosa CFk antolaturiko Emakumeen I. Sari Nagusian 100 emakume inguru lehiatu ziren, eta Belen Lopez andaluziarra izan zen garailea.
Lopezen atzetik, 13 segundora Ane Santesteban helmugaratu zen, eta emaitza honi esker Gipuzkoako Txapelketa lortu du errenteriarrak. Eskualdeko txirrindulariei dagokienez, seigarren sailkatu zen Leire Olaberria ikaztegietarra 24 segundora, eta zazpigarren Irene San Sebastian tolosarra 42 segundora.
Elite mailaz gain, junior eta kadeteak ere lehiatu ziren herenegungo proban. Bada, junior mailan Alicia Gonzalez izan zen lehena, eta bigarren, eskualdeko Lierni Lekuona sailkatu zen. Ondorioz, Gipuzkoako txapeldun berria da Lekuona. Kadeteen mailari dagokionez, Teresa Ripoll izan zen lehena helmugan.
Lasterketak ikusmin handia piztu zuen herritarren artean, eta asko izan ziren Tolosako kaleetan txirrindularien lana ikusten egon zirenak. Atzoko Jose Mari Anzaren oroimenezko proban bezala. Kasu honetan, Cafe Baque taldeko Antonio Angulo izan zen 112,6 kilometro luzerako lasterketaren irabazlea.
Olaberriak zilarra
Bestalde, Leire Olaberria ikaztegietarrak zilarra lortu du Bembibren jokatu duten Espainiako Txapelketan. Anna Sanchis valentziarrak lortu zuen erlojupekoan urrea, eta Olaberria 39 segundora geratu zen. «Asko sufritu dut, baina, oso pozik nago egindako lanarekin», azaldu du. Euskadiko selekzioarekin lehiatu da ikaztegietarra, eta Irene Usabiagak ere domina lortu du.