Euskal Herri mailako egitasmoa aurkeztu dute Tolosan, herri batzordea osatzeko helburuz
Euskal Herriak, edozein herriren moduan, erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko egitasmoa da Gure esku dago. Euskal Herri mailan aurkeztu zuten duela bi aste, eta ekainean barrena, 50 herri ingurutan egingo dituzte aurkezpenak. Tolosan izan da jada, herri batzordea osatzeko lehen saioa, eta datorren ekainaren 26an egingo dute hurrengo bilera, 18:00etan, kultur etxean.
Ekimenak garrantzia handia eman dio bere helbururik behinenari, eta horrela, «aldarri bateratzaile eta zehatza» dela azpimarratu dute: «Erabakitzeko eskubidea ez den beste aldarri edo lelorik ez dugu bultzatuko. Gauza bakoitzak bere lekuan egon behar du».
Bide horretan, hainbat sentsibilitatetako herritarrak elkartu nahi ditu Gure esku dago egitasmoak: «Eskubidea eta hitza gizarteratu nahi baditugu, honek anitza izan behar du, eta zerk batzen gaitu herri bezala? Autodeterminazio eskubideak».
Urte beteko epean
«Mugimendu aurre-politikoa» dela azaldu dute, eta herritarren adosgunetzat duten honetan, 2014ko ekainaren 8a jarri dute helmuga. Durango eta Iruñea batuko dituen giza katea osatu nahi dute euskal herritarrekin, eta 42.000 lagun beharko dira horretarako.
Herritar bakoitzak bere kokagunea hartu beharko du, gaurtik aurrera, www.gureeskudago.net ataritik, eta Tolosaldetik, gutxienez, 1.139 herritar beharko dira giza katerako.
Horrekin batera, erabakitzeko eskubidearen alde lanean ari diren beste herrialdeekin elkartu ahal izanteko jai erraldoia antolatzen ari dira datorren udazkenerako: «Euscatalba izeneko hiru eguneko jaialdia izango da, Donostian, eta Eskozia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herria elkartuko dira bertan».
2014. urteko jarduerei begira, eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden ahots guztien bilgune izateko sortu da, beraz, Gure esku dago.