Kulturgintzako egitasmoaren bigarren birari ekin diote, eta bihar Leidor aretoan ikusgai izango da
Euskal kulturgintzako hainbat belaunaldiren ahots eta hitzak uztartuz osatu zuten iaz, Sortuko dira besteak egitasmoa. Bigarren bira abiatu berri da, eta Joxan Lizarribar omentzeko baliatuko dute ikuskizuna. Leidor aretoan gozatu ahal izango da, bihar, 20:30etik aurrera.
Joxeanjel Arbelaitz izan da, hasieratik, birako sustatzailea, eta euskal kantarien obrak zein nazioarteko klasikoak berreraman izan dituzte taula gainera, Joxan Goikoetxearen musika zuzendaritzapean.
Doinu hauekin batera, ordea, literatur testuak, egokitutako poemak nahiz itzulpen sortak entzuteko aukera ere eskainiko dute. Besteak beste, Sarrionandia, Gandiaga, Amuriza, Artze, Rolling Stones, The Beatles, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Janis Joplin, Hertzainak, Zea Mays, Errobi, Ken Zazpi, Zaldibobo eta beste hainbat artisten kutsuak beteko du, beraz, Leidor aretoa.
Iazko biran ere, egungo euskal kantagintzako Pier Paul Berzaiz, Eñaut Elorrieta, Petti, Arantxa Irazusta, Alex Sardui nahiz Mikel Urdangarinen ahotsak aritu ziren Sortuko dira besteak proiektuaren baitan, kantuan. Ekin berri dioten bira berri honi, ordea, ahots berriak ere batu zaizkion, eta horrela, Olatz Prat, Estitxu Pinatxo eta Mixel Ducau ere taula gainean ikusteko aukera izango dute, bihar, Leidorrera bertaratzen direnek.
Egitasmoaren alde musikaletik aurpegirik literarioenera joanda, Harkaitz Cano idazlea eta Amets Arzallus bertsolaria aipatu behar dira. Emanaldian barrena, espreski Sortuko dira besteak egitasmorako egindako hitzak irakurriko dituzte eurek.
Ahots eta hitz hauei doinua jarriko dietenak ere badira, eta Oriol Flores, Xanet Arozena, Miren Zeberio, Txema Garces, Luis Fernandez, eta Nika Bitchiasvil ariko dira jardun horretan.
20:30ean hasiko da, bihar, emanaldia, eta sarrerak eskuragarri daude jada, www.kutxasarrerak.net helbidean.
Euskalgintza areto batean
Pasa den apirilean hil zen, ordura arte Berria taldeko presidente izan zen Joxan Lizarribar altzotarra, 62 urterekin.
Urte horietan guztietan hainbat jardueretan aritua zen, baina euskalgintzari eta kulturari emandakoak bereizten zuen Lizarribar. Hori horrela, Sortuko dira besteak egitasmoko bigarren bira, Lizarribar omentzeko baliatuko dute.
Leidorreko emanaldia, gainera, berezia izango da, kontzertuaren antolakuntza babesten duen Berria egunkariak bihar bertan beteko dituelako, zehazki, 10 urte. Horrela beraz, Lizarribar gogora ekartzeko emanaldia, Berriaren urteurrena ospatzeko bide ere izango da, eta baita datorren urriaren 6an Tolosan ospatuko den Kilometroak jaia girotzeko ere, hauek ere babestu baitute ikuskizuna.