Inauteri batzuetan otu zitzaien emakumeen eskopetari konpainia sortzearena. Festa giroko ideiarekin udaletxera jo zuten, eta Lizardiko neskek 30 urte daramatzate, jada, sanjoanetan parte hartzen.
Lizardi eskopetari konpainia sortu zenez geroztik, urtero atera izan da Kakun Etxeberria (Tolosa, 1970), San Joan egunean. Ahizpak unibertsitatean azterketa zuela eta, haren lekua betetzearren atera zen, 13 urterekin, lehenengoz, tirorik bota ezin izan zuen arren.
Belaunaldi berriak ere sartu dira emakumezkoen konpainia honetan, eta San Joan jaiak abiaraziko dituen txupinazoa botako dute, bihar, duela 30 urte emandako pausoaren omenez.
Nola hartu duzue txupinazoaren berria?
Oso ondo. Festetako zinegotziak konpainiari buruz galdetu zidan bilera batean, zergatia azaldu gabe. Uste dut aukera bat baino gehiago izan dituztela esku artean, txupinazoa botatzeko, eta azkenean Lizardiko neskek botatzea erabaki dute. Hurrengo egunean deitu zidan gure iritzia eskatzeko, eta egia esan ondo hartu dugu. Hasieran harritu egin ginen pixka bat, gu konpainia arrunta garelako. Baina, egia esan, arrazoia pisuzkoa da: emakumeok eskopetari moduan ateratzeko haustura hura sortu genuen bere garaian, eta ilusioa pizten digu hori gogora ekartzeak.
Nolatan sortu zenuten Lizardi konpainia?
Inauterietan hainbat kuadrilla batera atera ginen mozorrotuta, eta gogoan dut bazkarian-edo sanjoanen inguruan hizketan aritu ginela. Neskek kantineraz bakarrik atera zezaketen, eta nahi zuenak mezetara joan; bestela kanpora joaten zen jendea, ez baitzen giro handiegirik izaten. Baina eskopetariek oso ondo pasatzen zutela ikusten genuen kanpotik, eta orduan sortu zen ideia: «Nesken konpainia bat egingo dugu».
Inauteri-giroan sorturiko ideiak aurrera egin zuen, beraz.
Bai. Sanjoanak baino zenbait hilabete lehenago hiruzpalau lagun elkartu eta udaletxera joan ginen, eta neskek konpainia bat osatuta irteteko aukerarik ba ote genuen galdetu genien. Egia esan, inork ez zekien ezer, ez zekiten erantzuna baiezkoa edo ezezkoa ote zen. Inon ez zuen jartzen emakumeok atera gintezkeela, baina ez zegoen inon idatzita, gu eskopetariz atera ezin gintezkeenik ere.
Ordura arte nola osatzen zituzten konpainiak?
Elkarteen kontua izaten zen ordura arte. Beraz, nolabaiteko erronka bat jarri ziguten: gure konpainia ordezkatuko zuen elkarte bat aurkitzen bagenuen, atera egingo ginela esan ziguten. Horrexegatik izena du konpainiak Lizardi; garai hartan, ez dakit artean Ero Etxe elkarteak emakumeak onartzen zituen bazkide gisa, baina Lizardi elkarteak bai.
Lizardik, nolabait, izena eman zizuen, beraz.
Bai. Gu bosgarren konpainiarik zaharrena gara, eta gure aurreko lau konpainiek elkarte bat ordezkatzen zuten, edo elkarte baten bidez ateratzen ziren. Guk, beraz, emakumeak onartzen zituen elkarte bat bilatu genuen. Gainera, Lizardi elkarteko bazkide ziren neska pare bat konpainian ateratzekoak ziren, beraz, horregatik dugu izen hori.
Emakumeen belaunaldi berriek normaltasun osoz parte hartzen dute eskopetarietan. Zuen hastapenetan arazorik izan al zenuten?
Arazorik ez genuen izan. Nik uste dut, hasieran ez zutela pentsatuko aterako ginenik; ez ginela ausartuko pentsatzen zuten. Baina entseguak egiten hasi ginen, eta eskopetak armatzen ere ikasi genuen gure anaiekin edo aitekin. Eta atera egin ginen azkenean. Zailtasunik ez genuen izan, eta desfilean azken konpainiaren atzetik joaten ginen, antzinatasunaren arabera joaten baitira konpainiak kalean.
Ondo moldatu zineten, beraz.
Txanda gurea zenean, nabaritzen zen plazako isiltasuna handiagoa izaten zela besteekin baino, eta tiroa botatzerakoan jendeak hiru edo lau pauso atzera ematen zituen hasieran. Ez dakit zer pentsatzen zuten egingo genuela! [barreak]. Baina hori da gogoan dudan kontu bakarra. Guk, gainera, tentsioa izan genuen hasieran, gauzak ondo egin nahi genituen.
Lizardi da emakumezko kapitaina duen konpainia bakarra. Hori aldatuko al da noizbait?
Nik uste dut jendeari berdin izango litzaiokeela emakume gehiago kapitain balira. Hori alda dadin, ordea, kapitain izan nahi duten neskak egon behar dute. Horrez gain, talde asko elkarteetatik ateratzen direnez, eta elkarteetako bazkideak gizonezkoak direnez, ez dakit elkarteek onartuko luketen kapitaina emakumezkoa izatea. Baina gainontzeko kapitainei dagokienez, badakit ez litzakeela arazorik izango euren lekua neska batek hartuko balu.
Tolosakoa ezagututa, nola ikusten dituzu beste hainbat herritako alardeak?
Ez dut ulertzen. Behar bada, norbaitek azalduko balit, konbentzituko ez nindukeen arren... Baina ez dut uste ulertzea lortuko nukeenik. Tradizioak mantentzeko kontu horiekin ez nago ados, eta ez emakumeak baztertzen dituzten tradizioekin bakarrik; lekuz kanpo dauden tradizioek aurrera egin behar dutela uste dut. Niri Irun eta Hondarribikoa gaizki iruditzen zait, batez ere, iritsi diren lekuraino iristeagatik. Naturaltasunez jokatu izan balute, aspaldidanik irtengo lirateke, han ere, emakumeak. Baina gauza asko nahastu dituztela uste dut, eta ez bakarrik alardean emakumeek parte hartzea. Pena ematen dit, eta hori konpontzea izugarri kostako zaiela uste dut.
Tolosako alardeak 25 urte beteko ditu aurten, baina zuen konpainiak 30 ditu. Alardea, ofizialki, nola hasi zen?
Gu irten ginen lehen urteetan, konpainia bakoitza bere gisara ibiltzen zen, eta ez zen gaur egungo ordena hori izaten. Korporazioa ateratzen zenean tiroa botatzeko geratzen ginen, eta besterik ez. Konpainia guztiak elkartzearena eta kapitain orokorra urtero izendatzearena geroztik etorri zen, duela 25 urte hain zuzen.
Tolosako festa ezagunenak inauteriak diren arren, herrian indarra hartu dute azken urteotan sanjoanek.
Bai, festa guztiz desberdinak dira, eta indar handia hartzen ari dira. Gu ateratzen hasi ginenean, zerbait esatearren, konpainia bakoitzean 25 kide inguru izango ginen. Orain, berriz, badira 100 lagunetik gorako taldeak. Aurten ere, guztira 13 konpainia aterako gara.
Zuek zenbat izango zarete?
Azkenaldian 80 elkartzen gara, eta aurten ere mantenduko gara. Oso giro ona dugu, eta badakit gainontzeko konpainia guztietan ere hala dela; horregatik funtzionatzen dute gauza hauek.