San Joan jaiei loturiko hainbat txapelketa jokatuko dira asteburuan

Ataria 2013ko ekainaren 14a

Kirol jarduera ugari izango dira asteburuan Tolosan, gehienak San Joan jaiekin loturaren bat duten txapelketak. Usabal kiroldegian, esaterako, bi lehiaketa jokatuko dira, eta biak bihar izango dira: eskubaloiko San Joan Saria eta igeriketako San Joan Saria. Azken horrek 09:30ean hasi eta 13:00ak arte iraungo du.

Eskubaloi txapelketari dagokionez, egun osoan zehar jokatuko da. Zortzi talde lehiatuko dira: Elgoibar, Usurbil, Ordizia, Egia, Huarte, Zarautz, Loiola eta Tolosa. Lau taldez osatutako bi multzo egin dituzte eta multzo bakoitzean denek denen aurka jokatuko dute. Partidak 10:00etan hasiko dira eta goiz osoan jokatuko dute. 16:00etan finalerdiak jokatuko dira, multzo bakoitzeko lehen sailkatua beste multzoko bigarren sailkatuaren aurka. Finala 18:30ean izango da.

Usabal kiroldegian ere, futbol eskolako saioa izango da, igandean, 10:00etatik 13:00etara.

TAKEk antolatutako 3x3 Street Basket San Joan Saria bihar jokatuko da. 09:00etatik 13:00etara, alebin eta infantil mailakoak Gernikako Arbolan ariko dira, eta 15:30etik 21:00etara, junior eta senior mailakoak San Frantzisko etorbidean.

Tolosa Kup txapelketako partidak ere jokatuko dira. Gaur, 18:00etan hasita, lau partida ikusteko aukera izango da Eskolapioetan. Txoko 33 eta Litaraafu, 30 Xentimo eta Bajalis, The Patxis eta Sinsalus, eta Txiwaka eta Goofis izango dira elkarren aurka ariko direnak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!