Gutuna: "MunduMob ekimenetik, guztioi eskerrak"

Ataria 2013ko ekainaren 14a

Tolosaldeko Zero Zabor talde guztien izenean.

- Bertsoen egilea: Beñat Elosegi.

- Doinua:Itsasoari begira.

Gizateriak beregan dauzka

hainbat portaera kaiku,

handi uste ta harrokeriaz

natura nahi du garaitu.

Gauzak horrela kontzientzia

inolaz ezin lasaitu

ta MunduMob-ak esandakoaz

gu ohartarazten gaitu,

kutsatzen duen pertsonak bere

burua kutsatzen baitu.

Zer aldatua badago eta

iritsi zaigu ordua,

haundikeriak alde batera

ezin da galdu burua.

Behingoz bermatu beharra dago

etorkizun segurua

ta bizileku jasangarria

denez gure helburua,

apaltasunez eman dezagun

jaso nahi dugun mundua.

Parte hartzeko dei egin zuten

dantzan eskuin eta ezker

eta jendeak erantzun zuen

herritan bazterrik bazter,

atxikimendu ugari jasoz

zenbatzen gintezke asper.

Euria erruz arituz ere

ez ginen kokildu laster

zuek guztioi zorion hutsa

ta bihotzez mila esker.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!