Gazte lokalen ordenantza irailean onartuko du Tolosako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ekainaren 14a

Gazteek, bizilagunek eta lokalen jabeek adostu dute bizikidetza araudia, hiru hausnarketa saiotan

Tolosako Udalak datorren irailean onartuko du, aurreikuspenen arabera, Gazte Lokalen inguruko Udal Ordenantza. Azken hilabeteotan burutu duten parte hartze prozesu baten ondorio izango da hau; gazteek, bizilagunek eta lokaletako jabeek elkarrekin hausnartu eta adostu dituzte, lokalen fenomeno sozial hau bizikidetzaz arautzeko puntuak.

Udalak, orain arte arautu gabe egon den jarduera hau «herriko fenomeno garrantzitsua» dela uste du, eta horregatik, gazte lokalen elkarbizitza protokoloa osatzea izan du helburu, hasieratik. Bide honetan, beraz, auzi honetan, modu batean edo bestean parte hartzen duten herritar guztiekin bildu nahi izan dute, hausnarketaren bidean. Egindako saioetan zenbait adostasunetara iritsi dira, eta horrela, hilabete gutxi barru sortuko dute ordenantza.

Adostearen bizikidetza

Protokoloa osatzeko hiru saio egin dituzte guztira; aurkezpen bilera bat egin zuten lehenik, eta horren ondoren, bederatzi lokaletako ordekarik parte hartu dute. Bataz beste, 25 herritar aritu dira prozesuko saio bakoitzean.

Besteak beste hiru puntu nagusi jorratu dituzte hausnartze saio hauetan. Batetik, Tolosan dauden gazte lokalen ezaugarriak bildu dituzte, hauek aztertu eta kokatzeko.

Honen ondoren, gazte lokalek herrian sortu duten fenomeno sozial honen auto diagnosia ere burutu dute; puntu honetan, gaiaren inguruan dauden hainbat ikuspegi kontuan izan dituzte diagnosia osatzeko.

Azkenik, arduradunek azaldu dutenez, «beste zenbait gauzetarako ere balio izan du prozesuak». Horrela, lokalen erabiltzaileek dituzten premiak identifikatu ahal izan dituzte, eta lokaletako jabeak eurak ere araudi eta protokoloan inplikatzea lortu dute. Halaber, Tolosako Udalaren eta herriko gazteen arteko harremanak sendotzeko bidea izan da prozesua, eta lokaletako erabiltzaileek eta bizilagunen arteko elkarbizitza hobetzeko moduak ere aurkitu dituzte.

Aipatzeko da, Tolosako Udalak eskerrak eman nahi izan dizkiela araudia sortzeko prozesuan parte hartu duten herritar guztiei, «erakutsitako jarrera baikorragatik, seriotasunagatik, eta lanerako gogoagatik».

Parte hartze prozesu honek, beraz, irailean plazaratuko den emaitza osatzeko oinarriak jarri ditu, eta orduan onartuko dute Gazte Lokalen Inguruko Udal Ordenantza.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!