Atzotik hasi eta hilaren 18ra bitartean izango da Beantatuz 2013 grafitti eta mural erakustaldia. GKo Gallery-ak antolatzen du Tolosako Udalaren laguntzarekin. Urteetan zehar Tolosako graffiti erakusketa izan dena, 2010. urteaz geroztik Beantatuz izenpean aurkezten da.
Erakustaldia, formatu handiko muraletara bideratzen da, eta atzerriko zein gertuko artistekin kolaboratzen dute. Aurten, zortzi artista gonbidatu dituzte Tolosara, Above, Hyuro, Pau QuintanaJornet, Txori·a, Inwoko, Ruina, Kidchalao eta Chylo, hain zuzen ere. Euskal Herriko artistez gain, Argentina, Txile, Espainia edota Californiatik etorritakoak izango dira.
Zazpi artistek mural bana margotuko dute Tolosako kaleetan zehar, eta, aldiz, Inwoko artistak, gazteentzat bideratutako pintura tailer bat emango du bihar, Trianguloa plazan. Beraz, Tolosako kaleek pintura usaina izango dute.
Antolatzaileek, urtean zehar, kale artisten jarraipena gauzatzen dute, eta Beantatuz jaialdira ahalik eta gonbidatu gehien ekartzen saiatzen dira.
Mundu mailan dagoen mugimenduaren aurkezpen txiki bat egitea izan ohi dute helburu. Egun, mural erakustaldiak mundu osoko hiri ezberdinetara zabaldu dira eta honek artista ezberdinen mugimendua ahalbidetzen du, herrialde ezberdinak ezagutu eta bizipenak trukatzeko parada egokia sortuz.
Beantatuz erakustaldiari esker, Tolosako kaleak horren lekuko izango dira.