Ate joka datoz Tolosako San Joan jaiak, eta urtero bezala, azoka berezia izango da, bihar, hilak 15. Aurtengo Sanjoanetako Azoka Berezian, Euskal Herriko hainbat eskualdetako ekoizleen produktuak ezagutarazi nahi dira. Kasu honetan, Lur Lan elkartearen laguntza izan du Tolosako Udalak.
Hogeita hamar postutik gora jarriko dituzte Trianguloa plazan, goiz guztian zehar. Aukera zabala eskainiko da: barazkiak, eztia, esnekiak, txerrikiak, ogia, gazta, pastak, ahatekiak, mermelada, sagardoa, keetuak, txokolatea, likoreak...
Dastatzea, azalpenekin
Azoka bereziko postuez gain, ordea, goizean zehar Basatxerrik eskainitako pintxoak eta eskualdeko sagardogileen sagardoa dastatu ahal izango da Trianguloan bertan. Salmenta postuez gain, sagardo dastatze komentatua egingo da, 12:30ean. Horretarako, aldez aurretik, izena eman behar da Tolosaldea Tour-eko bulegoan edota egunean bertan Trianguloan. Bi euroren truke honako sagardogileen sagardoa probatzeko aukera izango da: Isastegi, Eguzkitza, Zabala, Begiristain eta Astiazaran. Dastatze komentatua Mikel Garaizabal adituak egingo du.
Honez gain, haurrentzako ere gune berezia egongo da txirrista eta guzti.