LAB sindikatuak autonomiarik ez duten adinekoen pertsonen zaintzarako egoitza eta eguneko zentroetako langileen lan hitzarmenaren negoziazioen gatazka «langileen borroka izatetik, sozializatu eta gizartearen gatazka» izatea nahi du. Hori dela eta, Gipuzkoa osoko udaletan mozioak sartzen ari dira, udalen babesa jasotzeko.
Mozioez gain, elkarretaratzeak ari dira egiten, atzo Tolosako Uzturre zentroaren aurrealdean egin zuten moduan. Zentroetako langileen lan hitzarmenaren negoziazioa «blokeatuta» dagoela gogoratu dute, eta zerbitzuak duen izaera publikoagatik erakundeek duten erantzukizun zuzena dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamena egin duela egoera desblokeatzeko azaldu dute. «Proposamenak sektore honetako langileen aldarrikapen historikoak diren lan baldintzen hobekuntzarako neurriak jasotzen ditu, baita inposatutako Lan Erreforma Laboralaren ondorio negatiboak eragozteko eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko luketen neurriak ere; eta honekin batera, patronalei proposamena aurrera eraman ahal izateko beharrezko diru hornidura bermatzen die», adierazi du LABek.
Enpresa askok Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamena aurreakordio moduan sinatua dute, Tolosako Iurreamendi zentroko Zu eta Biok enpresa, kasu. Hain zuzen ere, sindikatuak argi du hori dela herrialdeko hitzarmena lortzeko bidea. Hala, Adegi eta Laresi dei egiten diete «euren interes propioak» alde batera utzi, eta mahai negoziatzailean eseri daitezela, «herrialdeko hitzarmen duin eta posible bat sinatzera».
Tolosaldeari dagokionez, Uzturre zentroa litzateke lan hitzarmenik sinatua ez duen zentro bakarra.
1tolosaldean@hitza.info