30 urte baloia astintzen

Ataria 2013ko ekainaren 13a

1982ko uztailaren 31n, Arratzaingo futbol zelaiaren inaugurazio partidako hamaikakoa.

Jose Ignacio Garmendia, Juanjo Irazusta, Vicente Dominguez, Javier Larrañaga, Jose Mari Iraola, Felix Gonzalez,  Jose Javier Valles, Matias Gonzalez, Constantino Perez, Jose Miguel Balerdi eta Juan Miguel Iguaran. Horixe izan zen, 1982. urteko uztailaren 31n Billabonako futbol taldeak jokatu zuen lehen partidako hamaikakoa.

Arratzaingo futbol zelaia inauguratzeko elkartu zen herriko lagun kuadrilla hori. Parean, Realaren bigarren taldea izan zuten. Tartean ziren, besteak beste, talde txuri-urdinarekin historia egin zuten Sagargazu, Eizmendi, Iturrino eta Lopez Ufarte.

Lehen partida hark ikusmin handia piztu zuen herrian, eta jendez lepo bete ziren futbol zelaiko harmailak. Partida, donostiarrek irabazi zuten, 0-1eko emaitzarekin baina hura lehen urratsa besterik ez zen izan.

Lau talderekin ekin zion bidea Billabona Futbol Elkarteak: benjamin eta alebin, infantil, kadete eta jubenil mailako talde bana zuen. Zaharrenak Gipuzkoa mailako txapelketan jokatzen aritu ziren lehen urte horietan. Gaztetxoenak, berriz, Donostiako Kontxako hondartzan egiten ziren txapelketetan parte hartzen zuten. 1989an, txapela irabazi zuten.

Mikel Elizegi, klubeko egungo lehendakariak, ezagutu zituen garai haiek: «Trenez joaten ginen Donostiara. Bagoi oso bat hartzen genuen guretzat. Orduan trenak ez ziren orain bezain puntualak eta berandu iristen zenean, bertan aldatu behar izaten genuen».

Beste batzuetan, hondartzaren parean zegoen banketxe batean aldatzen ziren umeak, entrenatzaileetako bat arduraduna baitzen.

Kontxako txapelketa donostiarrentzat bakarrik ezarri zutenetik, herriko plazan jokatzeari ekin zioten. Han biltzen ziren, Sasueta, Peña Bidea edo Plaza Cristales taldeak, beste batzuren artean. Norgehiagoka guztiak plazan jokatzen zituzten, finala izan ezik.

Diputazioak, ordea, eskola arteko kirolaren dekretua atera zuenean, horrelako txapelketak antolatzea debekatu zuten.

Baloietik, baloreetara

Atzean geratu dira, baina, hondartzan eta plazan futbol partidak jokatzen zireneko garaiak. Izan ere, jokalari gazteen hezkuntza garatu eta kirol baloreak erakusteko lan horretan, beste bide batzuk errotu ditu elkarteak.

2008. urtean, klubaren zilarrezko ezteiak ospatzen ziren urte berean, Gipuzkoako Futbol Federazioak, urteko probintziako talderik nabarmenenaren saria eman zion, kadete eta jubenil mailetan lortutako igoerengatik.

2011. urtean, berriz, aurrerapauso handia eman zuen Billabonak: herrian behar bat zegoela ikusita, Futbol Eskola sortu zuen, benjamin eta alebin mailetako gazteekin berriro ere lan egin ahal izateko. Ondorioz, klubean parte-hartzen zuten ume kopurua bikoiztu zen. Egun, sei taldetan banatuta dauden 170 gaztetxo inguruk osatzen dute kluba. Horiez gain, beste 18 entrenatzaile daude.

Futbolaren munduan zeresana eman duten hainbat jokalari hazi eta hezi ziren Billabonan, beste batzuren artean, Andoni Imaz eta Iñigo Sarasola esate baterako. Aitor Castro, Sanse taldean, eta Unai Etxeberria, talde txuri-urdineko jubenilen taldean ari dira jokatzen gaur egun.

Larunbatean, festa

30 urteko ibilbide oparoa ospatzeko asmoz, klubaren eguna antolatu dute datorren larunbaterako, eta hainbat ekintza antolatu dituzte egun osorako.

Goizeko 10:30ean hasiko dira festarekin. Futbol eskolako kideentzat jokoak izango dira plazan. 13:15ean, txarangarekin batera kalejira izango da Txermingo ikastolaraino bertan bazkaltzeko. 16:30ean aurrera kurtso amaierako ekitaldia egingo dute ikastolan bertan, eta ondoren, barra txiki bat eta musika jarriko dituzte giroa alaitzeko.

Zer diote bost belaunaldi ezberdinetako jokalariek klubaren inguruan?

Juanjo Irazusta (55 urte)

1. «Sortzaileen taldeko partaide izan nintzen, eta lehen urtetan jubenilen entrenatzaile izan nintzen. Orain guraso moduan, zuzendaritzako kidea naiz».

2. «Lagunak. Tolosaldeko gazte asko ezagutu ditut eta askorekin oraindik harremana daukat».

3. «Ezinezkoa da bat aukeratzea, asko izan baitira: entrenamenduetan, bidaiatzen, partidetan eta denboraldi amaierako festetan. Denetan».

Juanan Davila (40 urte)

1. «Hondartzan jokatu nuen 11 urterekin, eta jubeniletan  utzi ondoren, entrenatzaile gisa aritu naiz».

2. «Lagunak. Jorge Alvarez eta Andres Nuñez aipatuko nituzke, errespetua eta kirol munduko baloreak transmititzeagatik».

3. «Egunerokoa, denekin izandako erlazio estuarengatik. Kirol mailan infantil, kadete eta jubenil kategorietan Ohorezko ligara igotzea lortu genuen uneekin geratzen naiz».

Mikel Elizegi (34 urte)

1. «Bi urte egin nituen jokalari moduan, eta beste zortzi entrenatzaile gisa. Azken bi urteetan klubeko lehendakaria naiz».

2. «Futbola nire zaletasunik handiena da, eta gazteekin lan egiteko aukera eta askorekin egindako harremana izan dira hoberena».

3. «Lehengo urteko denboraldi amaierako bazkarian, klub txiki honek, 317 pertsona elkartzea lortzea. Bertan bizitako giroa oso ona izan zen».

Ander Borrego (19 urte)

1. «Orain arte ibili naiz jokatzen, herrian jaiotako umeen nahietako bat da lagunekin Billabonan futbolean jokatzea».

2. «Edozein talderen aurka borrokatu egin behar dela ikasi dut, eta aurkaria inoiz ez gutxiesten ere bai».

3. «Jubeniletan, igoera lortu genuenean. Ia partida guztiak irabazi genituen eta asko jokatzen ez banuen ere, aldagelako giro onak igoeraren parte sentiarazi ninduen».

Iker Itxaso (11 urte)

1. «Futbol eskolako partaide naiz duela bi urtetatik, eta askotan joaten naiz Arratzainera Billabona FKEren talde desberdinen partidak ikustera».  2. «Futbolean ikasi eta jokatzeko aukera izan dut, baina batez ere, lagun berriak egin ahal izan ditut».

3. «Urte hauetan guztietan beste eskolen aurka jokatu ditugun jardunaldiak izan dira niretzat hoberenak. Asko disfrutatzen dut egun horietan».

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!