Udalak eta Kilometroak 2013k lankidetza hitzarmena sinatu dute

Ataria 2013ko ekainaren 13a

Laskorain Ikastolak eta Tolosako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Tolosako ikastolak urriaren 6an Kilometroak 2013 ekimena antolatuko du Tolosan, eta ospakizun hori dela medio, hainbat adostasun puntu lotu dituzte bi aldeek. Ikastolaren eta Kilometroen ordezkari gisa, Unai Igartua eta Jone Urteaga gerturatu ziren udaletxera. Igartua Kilometroetako koordinatzailea da, eta Urteaga, Laskorain Ikastolako zuzendaria. Tolosako Udal Gobernuaren izenean Ibai Iriarte alkateak egin zien harrera ikastolako bi kideei.

Lankidetza hitzarmenak hainbat puntu ditu. Alde batetik, adostasunaren ondorioz, Tolosako Udalak Laskorain Ikastolari herrian zehar hainbat lekutan propaganda jartzeko baimena ematen dio. Gauzak horrela, Kilometroak 2013ko egitaraua edo ekitaldi zehatzak herritarrek modu zuzenagoan jaso ahal izango dituzte. Bestetik, lankidetza hitzarmenean diru laguntzen inguruko akordioa agertzen da. Udalak, ondorioz, egitasmoa diruz laguntzeko konpromisoa hartu du. Horrez gain, ikastolakoekin egindako bilera eta sinadura ekitaldiaren ondorioz, Kilometroak 2013ren harira antolatutako ikuskizunetarako bere azpiegiturak utziko ditu udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!