TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) plataformak bere aldarrikapenak gizarteratzen jarraituz, kontzertu bat antolatu du Tolosan larunbaterako, ekainaren 15erako, Plaza Berrian, 21:00etatik aurrera. Atila y los Unos, Humus eta La Jodedera taldeak zuzenean ikusteko aukera izango da, eta Idoia Sanchez izango da aurkezlea.
TOPAtik adierazi dutenez, ekimen honen bidez, osasun publikoaren aldeko mezua gizarteko alor gehiagotara iristea da euren asmoa, eta horrez gain, orain arte egindako lana eta jaso duten babesa eskertu eta ospatu nahi dute: «Manifestazio, sinadura bilketa eta anbulatorio hartze sinbolikoak egin ditugu, eta oraingo honetan, jai giroko ekitaldia antolatu dugu gure helburuen alde: Tolosaldearentzat osasun publikoa defendatzea, anbulatorioak bere funtzio guztiak izan ditzala aldarrikatzea, eta kudeaketa publikoa izango duen eskualdeko ospitale publiko bat eskatzea».
Diru laguntza eskaera
Kontzertua Tolosako Plaza Berrian izango da, doan, baina, edozein diru laguntza eskertuko dutela azaldu dute: «TOPAk autofinantzaketarekin sinisten duen arren, onartzen dugu gure bitartekoekin soilik zaila zaigula nahi ditugun ekimen guztiak antolatzea, eta horregatik, edozein diru laguntza eskertuko dugu osasun publikoaren aldeko gure borroka honekin jarraitu ahal izateko». Kontzertua «Tolosaldean kalitatezko Osasun Publiko eta Unibertsalaren defentsak duen babesaren isla» izango dela uste du plataformak.
Hala, TOPAk eskerrak eman dizkie, «euren ezinbesteko laguntzagatik», musikariei, aurkezleari, plaza Berriko edaritegiei (Eguzki, Lur-lan, K2, Iratxo, Ikatza, eta Iruña) eta Molatu produkzioei, eta herritar oro gonbidatu dute «osasun publikoaren defentsan, kontzertuan parte hartzera».