Hondakinak

Idemak egingo du Tolosako herriaren hondakin bilketa sistemen arteko alderaketa

Ataria 2013ko eka. 13a, 07:33

Tolosako Hondakinen Mahaiak 2013ko martxoan egindako bileran, enpresa kualifikatu batek Tolosako hondakinen bilketa sistemaz azterketa egiteko ikerketaren baldintza pleguak adostu zituen.  Bildu, Aralar, EAJ, Tolosa Txukun eta Tolosa Zero Zaborren aldeko bozekin, eta PSE-EEren aurkakoarekin izan ziren adostuak.  Behin baldintza pleguak onartuta, lehiaketaren prozedura martxan jarri zen, eta Idema Ingurugiro Ingeniaritzaren proposamena, beste hiru enpresen artean, gailendu da. Bizkaiko enpresa horrek egingo du Tolosako udalerrian hondakinen kudeaketa sistemen arteko konparaketa. Horretarako bi hilabeteko epea izango du.

Pleguek atez ateko sistema, edukiontzi bidezkoa edota plenoak onartutako baldintzak beteko zituen sistemak aztertu eta konparatu behar zituela jasotzen zuten. Enpresa kontratatuak emaitzak Hondakinen Mahaiaren esku jarriko ditu bilketaren gaineko azken erabakia hartu ahal izateko.

Tolosako Udalak 2012ko uztaileko osoko bilkuran erabaki zuen hondakinen jarraipen mahaia eratzea. Bildu, Aralar, EAJ eta PSE-EE alderdietako ordezkariak, eta Tolosa Txukun eta Tolosa Zero Zabor eragileak izango ziren. Osoko Bilkura horretan bertan jarritako baldintzak betetzea zen bere ardura. Hau da, hondakinak gaika banatzea derrigorrezkoa bilakatuko zuen sistema bat ezartzea, eta gaika biltzeko tasak 2014. urtean %70era iristea, eta 2016an %85era.

Tolosaldeko Mankomunitatearen arabera, Tolosaldeko etxeetan, %26 birziklatzen da, eta Sasietako zabortegira hondakinen %74a bota zen. Idemak bilketa sistema guztiak aztertuko ditu, eta Tolosako Udalaren ustez, «sistema bera baino garrantzitsuagoa da helburua». Honenbestez, egungo egoera, bilketa sistema ezberdinak, analisi alderatzaile xehatua eta beste berezitasunak ikertuko dira.

Era berean, herriaren zonalde bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuko dituzte, hamaika auzotan banatuz, eta baita alde ekonomikoa ere. Beraz, ikerketarekin hainbat datu eskuratuko dituzte.

Helburuak

1. Ahalik eta gehien murriztea hiri hondakinen sortzea.

2. Sistemaren ezartzea egiten den unean, %60-70 gaika biltzea, eta bi urteko epean %70-80ra iristea.

3. Gaika biltzen dena kalitate onekoa izatea.

4. Errefusaren kopurua ahal bezain beste murriztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!