Satira baten bidez krisia gainditzeko gakoak eskainiko ditu Tic-Tac taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko eka. 12a, 07:28

‘Inopias’ antzezlana eskainiko dute Tolosako kultur etxeko antzerki tailerreko kideek, ostiralean

Hainbat belaunaldiren topagunea izaten da kultur etxeko Tic-Tac antzerki tailerra.

Ikasturte osoa lanean pasa eta gero, ostiral honetan taula gainera igoko dira Tolosako kultur etxeko Tic-Tac antzerki tailerreko kideak, Inopias izeneko antzerki obra eskaintzeko. Azken urteotan gizarteko esparru guztiak harrapatu dituen krisia hautatu du gaitzat Elena Aranbarri irakasleak, irailetik hona lantzeko, eta saioan barrena, «biziarteko kartzela zigor honetatik askatzen hasi eta konfiantza berreskuratzeko» gakoak eskaini nahi dizkiete ikusleei.

Guztira 30 lagun ariko dira eszenatokian, eta Aranbarrik bereziki nabarmendu du hau: «Erronka handienetakoa hainbeste jendek parte hartu ahal izateko obra bat aurkitzea izan da; gainera, tailerrean parte hartzaile kopurua modu honetan handitzea oso pozgarria da niretzat. Beraz, akuilua izan da, erronka horri begira».

Ikasturtean barrena, hamasei emakume eta hamahiru gizon aritu dira, astez aste, tailerrean lanean: «Hainbat adin, jatorri eta iritzitako jendea elkartzen gara, eta hori oso azpimarragarria da niretzat», azaldu du ikasleetako batek. Izan ere, oraindik batxilergoa amaitu ez duten gazteekin batera, langile gazte eta helduek nahiz erretirodunek ere parte hartzen dute ikastaro honetan. Bide honetan, gainontzekoei sentimenduak adierazten ikasi dutela ere nabarmendu dute batzuek, «eta ez antzerkian bakarrik, askoz haratago ere bai».

Horrela, beraz, ikasle guztiak bat etorri dira, Elena Aranbarri irakasleak burutzen duen lana nabarmentzerakoan: «Bere buruari proposatzen diona lortu egiten du, eta esan behar duena egoki esan; tailerrean giro oso erosoa dugu, eta hori taula gainean nabarituko dela uste dugu».

Gizarteko nahigabeak oholtzan

Pasa den udan erabaki zuen, Elena Aranbarrik, ostiralean eskainiko duten antzezlanaren gai nagusia: «Zoritxarrez jendearen gehiengoarentzat egunerokoa dena aukeratu dut; aspaldidanik aurrean dugun zerbait da, egungo gizartearen eredu eta baloreak zalantzan jarri dituena, krisia alegia».

Taldeak proposamena oso ondo hartu zuela azaldu du, baina arazoak obra aukeratzerakoan iritsi ziren: «Telebistan azaldu izan da gai honen inguruko interpretazio txikirik, gehienbat umorezko saioetan, baina taula gaineko antzezlan luzeetan, duela gutxi hasi dira gai hau jorratzen».

Bide honetan, eta iazko Lysistriata obrarekin bezala, Alfredo Sena antzerkigilearengana jo du Aranbarrik; Georges Perec-en El aumento obraren egokitzapen bat egin du Senak Tic-Tac taldearentzat, Inopias antzezlana osatzeko.

Elena Aranbarrik azaldu duenez, satira bat ikusi ahal izango dute, ostiralean, 20:30etik aurrera, Leidorrera bertaratzen direnek, eta jendeari zeresana ematea nahi du irakasleak. Aipatzekoa da, emanaldia euskaraz eta gaztelera izango dela, eta bost euroren truke gozatu ahal izango dela antzezlanaz.

Saioan, pieza desberdinek antzezlan bakarra osatuko dute, eta hau oso baliagarria izan zaie entsegu gelarako ere: «Antzerkiaren ikaskuntzan guztiz oinarrizkoa den zerbait irakasteko aukera ematen du, estilo eta erritmo desberdinak landuz». Horrela beraz, «errealitateari ostikada bat» eman nahi diote antzerki tailerreko kideek, eta «gurpil zoro hau puskatzen saiatu». Finean, anzterkiaren bidez «hainbeste larritzen eta nahigabetzen gaituen zerbait sorkuntza bilakatzen» saiatuko dira, umore puntu baten bidez.

___________________________________________________________________________________

Dantza tailerretakoek ere emanaldia izango dute

San Joan jaien atarian, eta ikasturte amaierarekin batera, irailetik hona pilatu lana eta ikasitakoa erakusteko garaia izan ohi da. Horrela, eta kultur etxeko antzerki tailerrekoen gisa berean, Katixa Pereak gidatutako dantza tailerrekoek ere oholtza gainean biribilduko dute urtea.

Larunbatean izango dute ikasturte amaierako emanaldia, 18:00etan hasita, Leidor aretoan, eta ikasle guztiek parte hartuko dute bertan, haurrek zein gaztetxoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!