Tolosaldeko lehiakortasuna eta berrikuntza ardatz duen Lehiberri zentroaren jarduna herritarrei ezagutarazte aldera, hainbat saio antolatu dituzte eskualdean. Tolosaren txanda izango da, gaur, 19:00etatik aurrera, kultur etxean, eta Joseba Barandiaran ekonomilariak Krisialdiko E(u)romena: zer aldatu da, ekonomia ala geu? izenburupean, saioa eskainiko du.
Lehiberri zentroa pasa den martxoaren 21az geroztik zabalik da Apatta industrigunean, eta bere helburuei begira, eskualdeko herritar, enpresa eta ikastetxe guztien zerbitzura dago. Besteak beste, lau lan ildotan aritzen dira: nazioartetzea, formakuntza, ekintzailetasuna eta lankidetza.
Gaurko aurkezpena, beraz, zentroarekin eta egitasmoarekin lotura izan dezaketen herritarrei begirakoa da: ideia berritzaileren bat izan eta nola garatu ez dakitenentzat, langabezian egon eta nora jo ez dakitenentzat, ondo egiten dakiten lan hori garatzeko laguntza behar dutenentzat, formatzen jarraitu bai baina nola ez dakitenentzat, nahiz enpresa barruan arlo berriak landu nahi dituztenentzat.
Hauekin guztiekin batera, besterik gabe Lehiberri zentroak zer eskain diezaiokeen jakin nahi duten herritarrek ere informazio baliagarrai jasoko dute kultur etxeko saioan. Izan ere, Ibai Iriarte Tolosako alkateak eta Joxe Luis Urdangarin Lehiberriko kudeatzaileak aurkezpena egingo duten arren, krisi ekonomikoaren inguruko hitzaldia izango da saioaren oinarri.
Eurogunea: onurak eta kalteak
Joseba Barandiaran ekonomilaria izango da kultur etxeko saioko gidari, eta azken urteotako krisi ekonomikoa abiapuntu izango du, Krisialdiko E(u)romena: zer aldatu da, ekonomia ala geu? hitzaldian.
Hamarkada bat baino gehiago darama Barandiaranek, finantza sektorean lanean, eta komunikabideetan ere analisiak burutzen ditu. Horrela, sarri herritarrei hain urrunak suertatzen zaizkien kontzeptu eta ideiak ulergarriago azalduko ditu legazpiarrak, «krisiaren errealitate berriaz».
Joseba Barandiaran, Ekonomilaria: «Egoera hau, krisia baino, gure errealitate berria da»
Ekonomiaren krisian aditua da, baina krisi ekologikoa eta baloreen krisia ere ikusten ditu. Hori eta gehiago hizpide izango ditu gaur.
Zertaz ariko zara gaurko hitzaldian?
Hitzaldian ekonomiaren ikuspegi pertsonal eta orokor bat ematen saiatuko naiz, bai geu eta baita ekonomia bera ere, aldatzen goazelako.
Krisia egungo protagonista da. Egoera honek noiz arte iraungo duela uste duzu?
Egoera hau, krisia baino, gure errealitate berria da. Krisi ekonomikoa hor dago, Barne Produktu Gordinarekin neurtuta; baina krisi ekologikoa edota baloreen krisia ere, hor dago, ni hor sartuko ez naizen arren.
Eurogunean egoteak gauzak baldintzatzen dituela diozu. Hala ez balitz gaur egun egoera hobean al geundeke?
Eurogunean gaudela da kontua, eta itxura guztien arabera, bertan eutsiko diogula. Testuinguru horretan, Espainiaren ohiko debaluazioen bideei uko egiten zaie, baina onurak ere baditu era berean. Oro har, nire ustez, kalteak baino handiagoak dira onurak, baina jakitun izan behar dugu dugun kokaguneaz eta horrek ezartzen dituen baldintzez; diru publikoa zentzuz erabiltzera behartzen gaitu, besteak beste.
Lehiberri zentroak nola eragin diezaioke Tolosaldeko ekonomiari?
Inguru hurbilean txertatutako ekonomia jarduerak bultzatuz, ekintzailetasunari lagunduz, enpresen nazioartekotasuna erraztuz, nahiz euren formazio beharrei erantzun hurbil eta azkarra emanez. Zeregin asko daude, eta enpresa txikien arteko sinergiak ere mamitu daitezke.