Maiatzaren 30eko greba orokorraren balantzea egin du Tolosaldeko LAB sindikatuak. Lehenik eta behin, mobilizazioarekin bat egin zuten langileei eskerrak eman dizkie, eta bestetik, gogor salatu dute Tolosaldeko hainbat enpresen jarrera: «Inguruko beste enpresekin alderatuta lan baldintza hoberenetan dauden zenbait enpresako langileek ez dute bat egin grebarekin. Murrizketak, lan baldintzen okertzea, prekarietatea... nagusi den momentu honetan elkartasun falta izugarria erakutsi dute eta erabat salagarria dela uste dugu».
Greba horretan kapitalarekin edo langileriarekin lerrokatzea erabaki behar zela azaldu dute, eta hainbat langilek «kapitalarekin bat egitea» erabaki zutela esan dute LABetik, «krisiaren gestioan harturiko erabakiei babesa ematea erabaki dute».
Salbuespenak salbuespen, LAB sindikatuaren esanetan, greba «oso orokorra» izan da: «Benetan txalogarria jendearen erantzuna, eta mobilizazioek izan duten indarra». Horri esker, itun sozialak dimentsio handia hartzeko aukerak lortu dituela gaineratu dute sindikatu abertzaletik. Itun sozialean buru belarri lanean hasteko konpromisoa hartu dute LABetik, greba deitu duten eragileekin batera: «Gure ekonomia eta gure baliabideak euskal herritarren zerbitzuan jartzeko, eta bertan bizi garen pertsona guztiok bizi baldintza duinak eskuratu ahal izateko».
Asuncioneko langileak, kalean
Tolosako Asuncion Klinikako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, enpresa komiteak deituta, eta Asuncioneko nagusiaren jarrera salatzeko: «Lan hitzarmen berri bat sinatzeari uko egin dio, eta 2010etik hona soldatak izozturik ditugu. Horrez gain, soldata horietan murrizketak aplikatu nahi ditu, baztertzen dugun lan erreforman oinarrituta. Aitzakia bezala, Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmenean murrizketak aurreikusten dituela esan du». Hitza ez dutela bete ere salatu zuten.