III. Alarde Napoleonikoa ospatuko dute igandean

Ataria 2013ko ekainaren 6a

Datorren ekainaren 25ean, 200 urte beteko dira Tolosako Guda gertatu zela. 1813ko borroka hark 24 ordu iraun zituen, eta tolosar eta frantses gendarmeen arteko bost urte eta erdiko elkarbizitzari amaiera eman zien. Hilabete eta erdi beranduago, armada erasotzaileak Donostia erre zuen.

Herrialde ezberdinetako 45.000 soladaduk parte hartu zuten gertaera horren bigarren mendeurrena ospatzeko, Alarde Napoleonikoa ospatuko dute igandean.

Andia Kultur Elkarteak alarde hau antolatzen duen hirugarren aldia izango da aurtengoa. Ehun partaide inguru biltzen dira bertan, garaiko uniforme eta armez hornituak. Horiez gain, Tolosako Musika Bandak eta Donostiako Elkarte Gastronomikoko Txirula-Zahar eta Danbor konpartsa ere izango dira garaiko martxa militarrak joz.

11:50ean Musika Eskolan tropak ikuskatzeko aukera egongo da, eta alardea, hamabietan hasiko da bertatik. Euskal Herri Plazan lehen ariketa praktikoa egingo dute, eta segidan Trianguloan salbak izango dira. Ordubatean, Zerkausian, Beethoven-en Wellintongo garaipena obra interpretatuko du bandak, eta segidan, Nafarroako zubian guda irudikatuko da. Hori amaitzean, parte-hartzaileen itzulera desfilea izango da. Amaitzeko, bazkari herrikoia egingo dute zerkausian.

Alardeaz gain, hitzaldiak

Gaur eta bihar, arratsaldeko zortzietan udal pleno aretoan, gudaren inguruko hitzaldiak izango dira. Gaur Jose Antonio Recondok Tolosako bataila eta eguneroko bizitza frantziarren okupazio garaian izeneko hitzaldia emango du. Bihar, berriz, Ramon Labaienen 200 urte: bi Euskadi hitzaldiaz gozatzeko aukera izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!