Genero indarkeria bizi duten emakumeei babesa emateko udal protokoloa sortu dute

Ataria 2013ko maiatzaren 31

Urtebeteko lanaren ondoren, eta udal ordezkari nahiz erakundeen arteko koordinazioari esker, Tolosako Udalak, «genero indarkeria eta sexu erasoak bizi dituzten emakumeei arreta hobea emateko lehen udal protokoloa» abiarazi du, pasa den astearteko ohiko osoko bilkuran onespena eman eta gero.

Aho batez onartu dute genero indarkeriaren udal protokoloa[/caption]

Emakumeenganako indarkeria «emakumearen duintasunaren eta giza eskubideen aurka» doala nabarmendu dute udal ordezkariek: «Arazo publikoa da, eta guztioi eragiten digu».

Indarkeria sexistagatik egiten diren salaketak, gainera, gero eta jende gazteagoak eginak direla azaldu dute. Horrela, beraz, egoera hau bizi duten emakumeei begirako arreta berezia da, protokoloaren oinarria.

Elkarlanean buruturiko lan honek, bi interbentzio mota zehazten ditu. Batetik, erasoak jasaten dituen emakumeak berak, larrialdi egoeran eta arriskuan dagoela onartzen dueneko kasuak leudeke; larrialdi irizpideak erabiliko dituzte horrelakoetan. Bestalde, erasoak jasaten dituen emakumeak bere egoera onartzen ez duenean, lehentasunezko irizpidea deiturikoa jarriko dute martxan.

Nabarmentzekoa da, udal ordenantza izaera duen protokolo honen erantzule politikoa, Tolosako alkatea bera izango dela. Horrela, udaleko alderdi politiko guztiek bat egin dute auzi honetan, eta PSE-EE nahiz EAJ «oso pozik» azaldu dira protokoloarekin, udal gobernua osatzen duten alderdietako kideekin batera.

Propotokoloaren sorreran parte hartu duten erakundeak, berriz, honakoak izan dira: Osakidetza, Asuncion klinika, Ertzaintza, Udaltzaingoa, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio saila, Bilgune Feminista eta erasotutako emakumeak.

Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, erakunde eta eragileen parte hartzea aldatuz joan da urte osoan, baina hasieratik mahai iraunkor bat lanean aritu da: «Etorkizunean eragile berriei ireki nahi diegu mahaia; adibidez, hezkuntzari loturiko eragileei nahiz guraso elkarteei».

Diagnosi baten ondorioa

Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, protokoloa zehazteko diagnosi bat egin dute, urte osoan zehar: «Salaketa jarri dutenei nahiz jarri ez dutenei begiratu diegu, eta Tolosan genero indarkeria kasu asko daudela ikusi dugu. Erdiek, ordea, ez dute salaketarik jartzen, eta beraz, biktima ikusezinak dira».

Besteak beste, protokoloaren helbururik behinena, emakume hauei guztiei babesa eskaintzea, eta berenganako arreta hobetzea da. Bide honetan, Iriartek Bilgune Feministari esker bereziak eman dizkio: «Izan ere, askotan emakumeek lehenago jotzen dute eragileengana, esaterako, Ertzaintzara baino; beldur gutxiago ematen die».

Bestelako jomugen artean, udalerri txikiei zerbitzu hau eskaintzea ere zehaztu dute, eta azkenik, adierazpen publikoak egiteko moduaz dihardu protokoloak: «Emakume bat jipoitzen edo erailtzen dutenean, zein adierazpen mota egin behar diren erabaki dugu».

Bost mozio eztabaidarako

Mozioak nagusi izan ziren azken osoko bilkuran. Batetik, Gesto por la paz erakundeak bere jarduna utzi duela eta, egindako lana errekonozitzea eskatuz, PSE-EEren mozioa onartu zen. EH Bilduk, berriz, Donostiako Onkologikoko langileen baldintzak hobetzea eskatu zuen, eta baita zentroa publiko egitea ere; onartu egin zen.

Bide beretik, LAB sindikatuak patronalei dei egin zien, 3. adineko langileen egoera desblokeatzeko, mozio baten bidez.

Stop Kaleratzeak-eko kideek hipoteka kredituen interes tipoekin sortu diren «iruzurrak» salatzeko aurkezturiko mozioa ere onartu zuten.

Azkenik, LOMCE legea ere eztabaidagai izan zen, eta Bilduk eta Aralarrek aurkezturiko mozio alternatiboa onartu zuten. Legea «progresismoaren aldetik nazkagarria» dela nabarmendu zuen Ibai Iriartek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!