Ekaineko lehen egunekin batera ospatzen da, urtero, Tolosako Lore eta Landare azoka. Aurten, ohiko postuez gain, erleen eta eztiaren inguruko informazioa eta produktuak eskuratzeko aukera izango dute azoka berezira bertaratzen direnek.
Goizean goizetik, larunbatero Berdura plazan egoten diren lorezainek beren postuak atonduko dituzte. Horiez gain, ordea, Lore eta Landare azokara espreski etorritako mitegietako arduradunak ere Tolosan izango dira, Trianguloa plazan; lore eta landarez gain, lorezaintzarako tresneria ere izango da postuetan, gainera.
Biharko berrikuntza nagusia, ordea, erlezainen postuena izango da; lore eta landareei estuki loturiko erleen lan egiteko modua ezagutu ahal izango da, batetik, eta era berean, askotariko eztia eta propoleoa salgai izango da, ekoizleen postuetan. Aipatzekoa da, erlezain guztiak Gipuzkoako Erlezain Elkarteko kideak direla.
Artisauen esku trebeak
Naturak emandako produktuekin batera, San Frantzisko pasealekuan artisauen esku trebeekin egindako produktuak ere eskuragarri izango dira.
Gaur bertan, zabalduko dituzte postuak, 17:00etan, eta hainbat produktu erosteko aukera izango dute herritarrek: larrugintza eta beirazko produktuak, egurrezko jostailuak, xaboi naturalak, eta abar. Aipatzekoa da, Igor Obesok tailerra eskainiko duela beiraren inguruan.
Bihar, artisautza azoka 09:30etik 14:30era, eta 17:00etatik 20:30era izango da zabalik, eta igandean, azken egunean, 11:00etatik 14:30era bitarte irekiko dituzte postuak.