Eskubide sozial eta laboral duinak aldarrikatuz euskal gehiengo sindikalak eta hainbat eragilek deituriko greba orokorrak erantzun zabala izan du Tolosaldean eta Leitzaldean. Komertzio nahiz lantegi gehienak itxita ageri ziren atzokoan, eta ehunka izan ziren bai Tolosan, bai eta Leitzan ere, kalera atera ziren herritarrak. Eguerdian Donostian eta Iruñean egin zituzten manifestazioan elkartu ziren Tolosaldeko eta Leitzaldeko herritarrak. Arratsaldean, berriz, Tolosako eta Leitzako kaleak zeharkatu zituzten Eskubide sozial eta laboral duinak. Euskal Herriak eredu propioa lelopean. Hiriburuetako nahiz eskualdeetako hirietako manifestazioek izan zuten harreraren inguruan balantze «oso positiboa» egin dute sindikatuek.
LAB sindikatuko Mari Mujikak adierazi duenez, parte hartzea «oso handia» izan da: «Gure ustez, egunero kalean egoteko moduko arrazoiak daude, Euskal Herrian egoera tamalgarri batera baikoaz». Hala, Tolosaldeko datuak nabarmendu ditu Mujikak: 3.400 langabetu baino gehiago ditugu, askok inolako prestaziorik ez dute, eta gainera, langabetuen %40 inguru gazteak dira». Horri pentsioen erreforma ere gehitu dio LABek, argi baitute laster iritsiko dela, eta horrek erretirodunen baldintzak «are gehiago» okertuko dituela. Horren aurrean, LABetik argi dute «Espainiatik datozen neurriek egoera okertu egingo dutela, ez baitute inondik inora lanposturik sortu ezta sortuko ere».
Bestalde, Adegi enpresarien elkarteak eginiko adierazpenen aurrean, agian «beste era bateko mobilizazioak» landu behar direla, baina errealitatea ezin dela ukatu dio Mari Mujikak: «Grebek ez dutela ezertarako balio, eta enpresentzat kaltegarri direla diote, baina, egoera larria dela ezin du ukatu inork, eta hartzen ari diren neurriekin larritasuna areagotu egiten da; langileen izerdipean euren etekinak nola ahala mantentzea da enpresari askoren helburu bakarra, eta horretarako Madrilgo erreformek balio diete eta berriak etortzen badira beraiek oso gustura hartuko dituzte, baina bitartean Tolosaldeko eta Euskal Herriko egoera ez da aldatuko».
Enpresarientzat bezala, langileentzat ere bidali du mezua LAB sindikatuko kideak: «Langileei esango nieke badagoela zer esan eta zer hausnartu, izan ere, kezkatuta gaude hainbat enpresatan langile batzuk gainerako langileekiko nahiz gizartearekiko duten jarrera ez solidarioarekin». Halaber, langileria animatu dute borrokan jarraitzera: «duela bost edo sei bat urtera arte lortu izan dugun egoera borroka bidez lortu dugu, eta aurrera begira ere borrokatzen jarraitu beharko dugu». Langileei ezezik gizarte osoari luzatu diote mezua, «gizarte osoaren arazoa baita». «Alderdi politikoek ere badute Europatik datozen aginduei men egiteari eta enpresariei nahi dutena emateari uzteko garaia. Apustu kolektibo handia egin beharko dugu egoerari buelta emateko», adierazi du Mari Mujikak.
Herriarentzat gobernatzea
ELA sindikatutik ere «oso gustura» geratu dira mobilizazioek izan duten erantzunarekin. «Milaka pertsona bildu gara, eta gure aldarrikapenak ohikatu ditugu», adierazi du Egoitz Iturbek Donostiako manifestazioaz. Hala, manifestazio hori «Tolosaldeak izan duen grebaren islada» izan dela dio, Tolosaldean «ia erabatekoa» izan baita greba orokorraren erantzuna.
Iturberen ustez, ezinbestekoa da egungo politikak aldatzea: «Politikak aldatzen ez badira murrizketak etorriko direla esan genuen aurreko greban, aldatu gabe jarraitu dute, eta egoerak okerrera egin du. Politikariek bankuentzako gobernatu nahi dute, eta ez gizartearentzako, eta horrek ondorio oso larriak ditu: langabezia tasa handia, erretirodunen prestazioen murrizketak, soldaten murrizketak... Politikariek herriarentzat gobernatzea nahi dugu».
Horregatik, sindikatu abertzaleek eratze bidean duten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna nabarmendu du. «Gutun sozial horretan gure alternatibak mahai gainean jarriko ditugu, zer eta nola eraiki nahi dugun, alegia, gure ustez, egoera aldatzea posible baita». Aldaketa, halaber, ez dela egun batetik bestera emango azaldu du, «prozesu bat baita, eta prozesu honetan, lanketa, gizarteratzea eta mobilizazioa baita alternatiba».
Leitzan, ere erantzun handia
Leitzan ere, «ia erabateko jarraipena izan du grebak. Hainbat mobilizazio izan ziren atzo, egun osoan, eta jendetsuena arratsaldeko manifestazioa, 200 lagun inguru elkartu zirelarik. Horrez gain, kotxe karabana ete herri bazkaria ere egin zuten, eta Iruñeko manifestazioan parte hartu zuten leitzar ugarik.