Lakunza eta Karakus Europara begira jarri dira

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko maiatzaren 28a

Hegats igeriketako Roberto Jauregiren omenezkoan Espainiako junior aurreselekzioan sartu dira

Pasa den larunbatean jokatu zituzten, Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekuan, Roberto Jauregiren omenezko XI. Txapelketako saioak. Besteak beste, ekainean izango den Espainiako txapelketarako azken prestakuntza gisa baliatu zuten lehia igerilariek, eta Tolosako Igarondo Urpekoak taldeko Irati Lakunza eta Aras Karakusek, Europako txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, larunbateko denborekin Espainiako junior taldeko aurre selekzioan sartu baitziren.

Guztira, 110 igerilarik parte hartu zuten, Euskal Herritik nahiz Herrialde Katalanetatik; infantil eta kadete mailakoak ziren guztiak. Igarondo Urpekoak taldeko parte hartzaileak Gipuzkoako selekzioarekin aritu ziren: Harriet Alargunsoro, Iker Alargunsoro, Irati Eizagirre, Maddi Goenaga eta Intza Egizabal. Aipatzekoa da, azken honek bosgarren postua eskuratu zuela lurazaleko 100 metroko proban.

Europara begira

Larunbateko lehia, gainera, Espainiako junior taldea osatzeko aurreselekzioa ere izan zen, eta denboren neurketak burutu zituzten horretarako.

Igarondo Urpekoak taldetik, Aras Karakus eta Irati Lakunza sartu ziren taldean, eta Polonian jokatuko dituzten Europako Txapelketarako postu baten lehian sartu dira modu horretara. Lakunzak, honez gain, 200 metro lurazaleko errekorra egin zuen, Espainiako junior mailan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!