Tolosa Zero Zaborrek elkarrizketa publiko bat egiteko gonbita luzatu dio Patxi Amantegiri

Ataria 2013ko maiatzaren 28a

Tolosa Zero Zabor plataformak, Patxi Amantegi, Tolosaldea Txukuneko bozeramaileari elkarrizketa publiko bat egiteko deia zabaldu dio, «bi plataformei elkartzen gaituzten puntuez hitz egin eta hondakinen murrizpen, berrerabilpen eta birziklatze politiketan herritarrekin komunikatu eta elkar hezteko».

Zero Zabor taldea kezkatuta ageri da hondakinen gaiaren inguruan herrian sortzen ari den «giro nahasiarekin», eta beren ustez, bi plataformak batzen dituzten puntuak gehiago izanda, «konfrontazioa bilatu beharrean, puntu horiek nabarmentzea garrantzitsua da».

Bi plataformak ahalik eta gehien birziklatu behar dela esaten dute, eta horretarako, San Frantzisko, Flandria, Caparori,  Espainia edo Alemaniako eredu batzuk jarraitzeko apustua egin du Zero Zabor taldeak. «Ziur gaude tolosarrok biziklatze-tasa handienetara iristeko ahalmena dugula».

Ados dauden beste puntu bat, edozein bilketa sistema ezarrita ere, honek derrigorrezkoa izan beharko lukeela dioena da. «Amantegik bostgarren edukiontziak derrigorrezkoa izan beharko lukeela esan zuenean poztu egin ginen. Ez horregatik bakarrik, ontziak identifikatua edo fiskalizatua behar duela izan aldarrikatzen duenean ere bai, denok arduraz jokatzeko beharra daukagulako. Diskurtso aldaketa hori garrantzitsua izan da».  Dena den, sistema horren eraginkortasuna frogatzeko aukerak izan direla dio Zero Zaborrek, eta ez dela horrela izan.

Bi parteak auzokonpostaren aldekoak direla ere badio plataformak, eta gai horretan, babesa eman nahi izan diote Amantegiri. Era berean, kanpaina hori bultzatzen jarraituko dutela adierazi du.

Heziketaren garrantziaz ere mintzatu da Tolosa Zero Zabor. «Heziketa oinarrizko balore eta tresna da gizakiaren eboluzioan, aurrera egiteko». Horegatik, plataformak bere burua eskaini du hitzaldiak eman edota informazio mahaiak osatzeko. «Aurreko batean egin genuen bezala, elkarlanean aritu nahi dugu oraingoan ere».

«Proposamen ausarta»

Horrez gain, atez ateko hondakin bilketa sistema aplikatzearen aldeko erabakia hartu duten erakunde publikoei aipamena egin nahi izan die Tolosa Zero Zaborrek: «Neurri hau herritarren gogokoa ez zela izango jakinda, proposamen ausarta egin dute. Herritarroi gure hondakinekin arduraz jokatzeko eta ingurugiro osasuntsu eta iraunkor batean bizitzeko dugun eskubidea babesteko eta zaintzeko egin duten apustua da».

1tolosa@hitza.info

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!