Tolosako Txinparta elkarteak Bisiguaren Festa antolatu du beste behin. Tolosa eta Orio herrien arteko lotura gastronomikoari jarraipena emango diote, beraz, eta horretarako hiru parrilero oriotar izango dira bisigua prestatzeko Orio erara: Joxe Mari jatetxeko Mikel Manterola, Katxina jatetxeko Joxe Migel Zendoia eta Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga. Maiatzaren 31n afaria, ekainaren 1ean bazkaria eta afaria, eta ekainaren 2an bazkaria egingo dituzte Txinparta elkartean bertan.
Mikel Uribe Txinpartako lehendakariak azaldu duenez, «jendeari hain preziatua den produktua gerturatu nahi diogu, era egokian sukaldatutakoa, parrilero onenen eskutik eta era tradizionalean». Zendoia sukaldariak dioenez, Bisiguaren Festan egun merkatuan dagoen bisigurik «onena» prestatuko dute: «Tarifan harrapatu eta 24 ordutan jatetxera ekartzen dute. Amuarekin harrapatzen dute, eta sakontasun handietan ibiltzen da. Oso kalitate handiko arraina da». Uranga sukaldariak Tolosara «gustura» etortzen direla azaldu du: «Harreman handia dute Tolosak eta Oriok. Aurten ere, beste urtetan bezala, ondo aterako da festa».
Hasier De los Rios Tolosako Udaleko zinegotziak txalotu egin du Txinparta elkartea festa antolatzeagatik, eta gogora ekarri du asteburu horretan ere Lore eta Landare Azoka eta Artisautza Azoka izango direla.
Menuaren plater nagusia, noski, bisigua izango da, baina beste gutizia batzuk ere izango dira: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak eta Bixigoxo postrea. Afariak 20:00etatik aurrera izango dira eta bazkariak 14:00etatik aurrera. Menuak 45 euro balio ditu, eta txartela eskuratu nahi duenak 943 69 74 13 telefono zenbakira deitu behar du.
Bisigua prestatzen ikasteko
Aurten berritasuna Sukaltalkak antolatu duen ikastaroa da. Maiatzaren 29an, 19:00etatik 21:00etara, bisigua Orio estilora nola erretzen den erakutsiko dute parrilero oriotarrek. Bisigua prestatu ondoren, afaldu egingo dute bertan ikastaroan parte hartzen dutenek. Ikastaroak 25 euro balio ditu eta izena emateko 943 01 76 36 edo 671 79 45 49 zenbakietara deitu edo info@sukaltalka.com helbidera idatzi behar da.