LAB sindikatuak metalgintza sektorean greba orokorra deitu du maiatzaren 24rako, biharko. Deialdiarekin bat egin dute ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, bakoitza bere irakurketa eta berezitasunekin. Tolosaldeko LAB sindikatuak eskualdeko langileak Donostiara bideratuko ditu goizean, eta arratsaldean, Tolosan egingo dute mobilizazioa, Trianguloan, 19:00etan.
Deialdien berri ematerakoan grebaren arrazoiak ere azaldu ditu Tolosaldeko LAB-ek. Hitzarmen kolektiboa izan da egoera lehertu duena sindikatu abertzalearen iritziz: «Herrialdeko hitzarmena blindatzea eskatzen dugu metalgintzako mahaian; estatuko erreformaren gainetik hemengo hitzarmenaren edukiak mantentzea, eta berau aplikatzeko betebeharra enpresa guztietara zabaltzea». LAB sindikatuaren esanetan, Adegik erreformari ez dio uko egin nahi, eta horregatik, protestak Donostian izango dute lehen hitzordua, hain zuzen ere, Adegiren egoitzaren aurrean.
LAB sindikatuaren esanetan erreformak hainbat atzera pauso ditu berarekin: «Urteko jardunaldiaren %10eko flexibilitatea; hitzarmena ez aplikatzeko erraztasunak; hitzarmenaren azpitik adosteko aukera, ez da ahaztu behar orain arte legez kanpokoa zela hitzarmenaren azpitik sinatzea...».
Hitzorduak
Bihar, maiatzak 24
10:30. Tolosako Trianguloan Donostiako mobilizaziora joateko hitzordua.
11:30. Herrialdeko mobilizazioa Adegiren aurrean, Donostian.
19:00. Eskualdeko mobilizazioa Tolosako Trianguloan.