VI. Txapin Festa Ahora! Astearekin elkarlanean ospatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 23a, 11:03

Baltsa jaitsiera izango da aurten ere, eta Zerkausi azpian dago baltsak egiteko behar den materiala

Materiala Zerkausian hartu beharko dute, izena eman ondoren, baltsa jaitsieran parte hartu nahi dutenek.

Sei urte beteko dira aurten, Gazteok Txapinetan taldea sortu, eta gazte tolosarrak lokaletatik atera eta elkarren artean harreman sareak sendotzen hasteko helburua jarraituz, Txapin Festa eguna lehenengoz antolatu zutenez geroztik. Larunbatean izango da jai eguna, eta aurten, Ahora! Asteko antolatzaileekin elkarlanean aritu dira; gainera, Tolosako Gazteria sailaren, Harituz Bertsozaleen Elkargunearen, Kalean Txarangaren nahiz GKo Galleryren laguntza ere izan dute arduradunek.

Aurtengo berezitasunik nabarmenena, Ahora! Asteko egitarauarekin osatu dutena uztartzea izango da Txapin Festan: «Baina ez da beste eragile batzuekin batera Gazteok Txapinetan elkarlanean ariko den lehen aldia. Hasiera-hasieratik gure filosofia izan da Tolosako hainbat eragileri laguntzea, eta baita beren ekarpenak jasotzea ere. Horregatik, Ahora! Asteko antolatzaileek gugana jo zutenean, berehala eman genien baiezkoa, eta elkarlana aurrerapauso bat izan da», azaldu dute Txapin Festako antolatzaileek.

Tolosako gazte lokalen inguruan jaio zen festa egun honen ideia, baina «azken urteotan gazte gehiagorengana heldu gara, eta beraz, anitzak gara adinean nahiz jatorrizko giroetan», diote.

Honen guztiaren gainetik, ordea, helburu bakarra nabarmendu du Gazteok Txapinetan taldeak: «Gazteok elkar ezagutu eta harremanetan jartzea». Bide beretik, festa herrikoi, euskaldun eta parte hartzailea sortzea izan da betiko jomuga, eta beraz, «ahalik eta gazte eremu zabalenari aukera luzatzea» izan da arduradunen nahia, batetik. Bestalde, «gazteoi eragiten diguten arazo eta aldarrikapenek tokia izango duten eguna da Txapin Festa, Tolosako kaleak gazte izaeraz beteko ditugun eguna», diote.

Honen harira, Txapin Festaren hizkuntza naturala beti euskara izan dela azaldu dute, eta honenbestez, antolakuntza nahiz festa eguneko parte hartzea beti euskaraz bizi izan dituztenez, aldarrikapen guztiei ongi etorria ematearekin batera, euskararen aldekoak bereziki babesteko duten asmoa azpimarratu dute: «Txalotu egin nahi dugu Ahora! Asteak askotariko eragileak euskararen ingurura biltzeko egin duen ahalegina».

Aipatzekoa da, larunbaterako bazkari txartelak salgai daudela jada, Raku, Meskal eta Denak tabernetan, eta baita Ahora! dendan nahiz Laskorain ikastolan ere. Era berean, baltsa jaitsiera izango da larunbateko jaian ere. Duela bizpahiru urte berreskuratu nahi izan zuten, lehen sanjoanetako kuadrilla egunean egiten zen jaitsiera. Baltsa jaitsieran parte hartu nahi duten gazteek, beraz, kultur etxean izena eman beharko dute lehenik, eta Zerkausi azpian eskuratu beharko dute materiala gero.

Palestina Leidor aretoan

Gaur bertan, Ahora! Astearen barruan, 5 kamera apurtu eskainiko dute Leidorren, 19:15ean eta 21:45ean. Emad Burnat palestinarrak eta Guy Davidi israeldarrak sorturiko filma da, eta grabaketan barrena apurturiko bost kamerarekin bildutako irudiek osatzen dute dokumentalaren oinarria eta ildoa.

Tolosan bizi den Tamer Birawi palestinarrak euskaraz aurkeztuko du Palestinako Bil’in-eko errealitatearen zati bat ikusleari erakutsiko dion filma, honako leloari jarraituz: «Ehun gizon armatuk ere isilarazi ezin dituzten ahotsak badaude».

Nabarmentzekoa da, gainera, beste hainbat sari eta izendapenen artean, Oscar sarietan dokumental onena izateko izendatua izan zela 5 kamera apurtu.

Azkenik, Ahora! Asteko egitarauan eguraldiak eragin dituen aldaketei dagokienez, igande arratsaldean bertan behera geratu zen skate ikastaroa ostiralean burutuko dute Tolosa Skate Taldeko kideek, 17:30ean, Usabalgo skate parkean.

Ahora! Txapin festako egitaraua

Maiatzak 25, larunbata

*Goizean. Argitxoren bila jolasa izango da, Laskorain ikastolako lehen hezkuntzako ikasleei begira.

11:30. Kalejira egingo dute gazte lokaletan barrena, Berazubiko lokaletatik abiatuta.

12:00. Tolosa Kantari eta Giro Arte dultzaina taldea Alde Zaharrean ibiliko dira hileroko kantu jira osatuz

12:00. Mural pintaketa izango da Trianguloa plazan.

12:30. Baltsa jaitsiera hasiko da.

14:00. Herri bazkaria izango da Plaza Berrian. Txartelak salgai daude, 12 euroren truke, Raku, Meskal eta Denak tabernetan, Ahora! dendan eta Laskorain ikastolan.

16:00. Harituz Bertsozaleen Elkarguneko Haritz Mujika eta Unai Mendizabal bertsolarien saioa izango da Plaza Berrian.

16:30. Ahora! mosaikoa Plaza Berrian.

17:00etatik aurrera. Jolasak Plaza Berrian eta Euskal Herria plazan. Tartean, Kalean Txaranga ariko da kalejira alaitzen.

20:00-23:00. Sardina jatea Zerkausian.

22:00. Zesuma taldearen kontzertua izango da Zerkausian.

*Gauean. DJak izango dira Tolosako zenbait tabernetan.

_____________________________________________________________________________________

Tolosarren literatura

Tolosako euskal letra batzuk erakusketa jarri dute Errotan, Ahora! Asteko antolatzaileek eta haur liburutegiak. Tolosarren literatur lanak ezagutzeaz gain, lehiaketa ere martxan jarri du, gainera, liburutegiak. Garbiñe Ubedaren Mila ezker, Karlos Linazasororen Udalbatza bahituaren kasu pollita eta Xabier Olarrak itzulitako Jakobian eraikina irakurri, galdera orria bete eta liburutegian bertan aurkeztu beharko da, Ahora! opari sorta jaso ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!