Arriarango biribilgunea gauzatzea onartu dute

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko maiatzaren 22a

Tolosako Udaleko gobernu batzarrak aho batez onartu du, Arriarango bidegurutzean biribilgunea egiten hasteko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatu beharreko hitzarmena; 559.565,60 euroko aurrekontua erabiliko dute lanak egiteko.

2011ko martxoaren 24an, udalak hitzarmena sinatu zuen aldundiarekin, N-1 errepideko iparraldeko lotunean, gasolindegiaren ondoan, biribilgunea egiteko. Biribilguneaz gain, Arriarandik GI-3650 errepidera arteko zubia eraikitzea ere aurreikusi zuten.

Azaroan, ordea, proiektuan aurkituriko akats tekniko larriengatik, eta arrazoi ekonomikoengatik, Bide Azpiegituretako zuzendari nagusiak hitzarmena suntsiarazteko proposamena egin zuen.

Biribilgunea, ordea, Tolosako hirigintzako udal plangintzan aurreikusitako proiektua da. Horrela, «gaur egun eremu hori garatzen ari denez», biribilgunea egiteko beharra ikusi dute, «ibilgailuen segurtasuna bermatzeko». Beraz, proiektua bi zatitan egingo dute, eta biribilgunea egingo dute lehenik, 553.565,60 euroko aurrekontua baliatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!