Gurasoei begirako hitzaldia izango da gaur, 19:00etatik aurrera, kultur etxeko areto nagusian
KMK jaiaz haratago, droga kontsumoen arazoa egitasmo zabal baten barruan sartu du Laskorainek.
Kilometroak 2013ren Laskorain ikastolako antolatzaileek, alkoholaren eta bestelako sustantzien kontsumoari buruzko sentsibilizazioa lantzeko egitasmo zabala martxan jarri dute, eta proiektua abiarazteko, Ahora! Astea aprobetxatu dute. Horrela, gaur bertan, Familiak eta nerabeen alkohol eta bestelako drogen kontsumoak saioa izango da kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan.
Laskorain ikastolako Jone Urteaga zuzendariak azaldu duenez, gurasoei begirako saioa izango da, eta saio bakarretik haratago, proiektu osoago baten lehen pausoa izango da hitzaldia. Helburu hauei eutsiz beraz, eta familiei begira prestaturiko lan metodologia batekin, irailean hiru saioko zikloa martxan jarriko dute, egitasmoarekin jarraituz. «Kilometroen egunaz haratago, alkoholaren arazoa landuko duen egitasmo zabalago bat da hau», azaldu du Urteagak. Modu honetara, honako gaiak jorratuko dituzte zikloan: Nerabezaroa, aisialdia eta drogen erabilera; Arau eta mugen garrantzia aisialdiaren inguruko seme-alaben hezkuntzan, eta azkenik, Familiaren jarrera droga kontsumoaren aurrean.
Pasa den azaroan Ahora! leloa eta aurtengo KMK ezagutzera eman zutenez geroztik, alkoholaren eta drogaren kontsumoaren gaia bereziki jorratzeko asmoa azaldu izan dute antolatzaileek; Kilometroak egunera begira, nahiz oro har nerabeen egunerokora begira, beraz, gizarteko arazo hau hizpide izango dute.
Gaur arratsaldeko saioan, alkoholaren drogen kontsumoaren prebentzioan familiak duen garrantzia azpimarratuko dute: «Heziketaren oinarri nagusia familiak izaten jarraitzen du, eta familia bera da, adin txikikoengan nahiz nerabeengan eragin handiena duena, baloreak eta jarrerak barneratzeko garaian». Honegatik guztiagatik, antolatzaileen arabera, «gurasoek ahalegin guztia egin behar dute, seme-alabek alkoholaren eta bestelako drogen arriskuei modu egokian aurre egiteko trebetasunak landu ditzaten».
Laskorain ikastolak, Agipad elkartearekin eta Tolosako Udaleko Gizarte Politika eta Osasun sailarekin elkarlanean antolatu du hitzaldia; «12 urtetik 18ra bitarteko gaztetxo guztien gurasoak hitzaldira gonbidatzen ditugu, beraz, edozein dela ere, seme-alaben ikastetxea», nabarmendu du Miren Urkola zinegotziak.
Ziklo baten hasiera
Drogak sorturiko arazoetan familiak duen garrantziari buruz ariko dira gaurko saioan, aipatu bezala; horrez gain, ordea, irailean garatuko duten zikloa ere aurkeztuko dute Agipadeko kideek, gaurko saioan.
Guraso eta familiekin lan egiteko orduan, hainbat helburu zehaztu dituzte arduradunek. Batetik, gurasoek ohartu egin beharko dute, prebentzio eragile moduan duten garrantziaz, eta ondorioz, eurek ere sentsibilizatu egin beharko dute gaiaren inguruan.
Era berean, gurasoak ohartarazi egin nahi dituzte, hezkuntza ereduek duten garrantzia nabarmenaz. «Izan ere, drogen kontsumo arazotsuak saihestu daitezke zenbait kasutan: desegokiak diren kontsumoak detektatu, batetik, eta hauek ohitura egokiago batzuetara moldatu, bestetik», diote Agipadeko kideek.
Horrela beraz, drogen aurrean erabil daitezkeen babes faktoreak indartzen saiatuko dira gaurko saioan eta datozenetan, berau «familia bizimodu osasungarri bat sustatzeko bidea dela kontuan hartuz». Finean, alkoholaren eta bestelako drogen kontsumo adina atzeratzea izango da jomugetako bat, eta baita 18 urtetik beherako biztanleen arteko kontsumoa gutxitzea ere.
Aipatzekoa da, urriaren 6ko Kilometroak egunerako, nerabeei begirako egitasmo indartsu eta berritzailea prestatu duela antolakuntzak, eta aurrerago emango dutela ezagutzera.
Beste hainbat helbururen artean, proiektu honek alkohola eta drogen kontsumoa murriztu edo gehiegikeriatik aldentzea izango du helburu, esparru honetan arazoak sortzen dituen KMK bezalako jai erraldoietan.