Bilboko Triatloian bere bizitzako lasterketa egin duela esan du Agirresarobek

Ataria 2013ko maiatzaren 21a

Bere ibilbideko lorpenik garrantzitsuenetako bat eskuratu du kirolari tolosarrak.

Azken asteetan Hendaian eta Deban emaitza onak lortuta iritsi zen Bilbora Aimar Agirresarobe triatloilaria. Gorputzaldi on horri esker, garaipen handia lortu zuen larunbatean III. Bilboko Triatloian.

Igerian eta bizikletan ibili ondoren, hirugarren zatira hirugarren postuan iritsi zen tolosarra. Korrika, iazko irabazlea gainditu zuen lehenik, Mikel Elgezabal. Ondoren, Richard Calle estatubatuarrarekin gauza bera egin zuen. Azken kilometroetan, Fernando Gomez korrikalari trebea gertu izan zuen Agirresarobek, baina helmuga gainditzen lehena izan zen tolosarra, eta bere kirolari ibilbideko lorpenik garrantzitsuenetakoa eskuratu zuen Bilbon. Egoitz Zalakain tolosarra bederatzigarren sailkatu zen, irabazlearengandik hamabost minutura.

Emakumeei dagokienez, Virginia Berasategi bilbotarra izan zen garaile hirugarren aldiz jarraian, eta atzetik Åsa Lundström eta Estefania Gomez sailkatu ziren.

«Bizitza guztian ospatzekoa»

Aimar Agirresarobe Tolosaldeko Triatloi Taldeko kideak lau ordu, 19 minutu eta segundo bat behar izan zuen proba amaitzeko. Bigarren sailkatu zen Fernando Gomezi 17 segundo atera zizkion, eta hirugarrengoari, Calle estatubatuarrari minutu eta 30 segundo. Lasterketaren amaieran, ETBko lankideen aurrean, zoriontsu agertu zen tolosarra: «Nire bizitzako lasterketa egin dut. Eguraldia euskaldunontzat hobea zen, ohituagoak gaudelako, eta egia esan, hiru disziplinetan oso ondo sentitu naiz: izugarrizko lasterketa atera zait».

Triatloia igeri probarekin hasi zen, eta hor, uste baino hobeto ibili zela esan zuen Agirresarobek: «Ez nuen espero uretatik lehen 20ren artean ateratzea, baino buruarekin ibili naiz, eta oso ondo. Banekien itzulerakoan korrontea aurka edukiko genuela, eta indarrak gorde behar nituela». Bigarren zatian, triatloilariek bizikleta hartu zuten, eta tolosarra bere «terrenoan» ibili zen, aurkariak gaindituz. Azken proban, korrikakoan, helburua garbia zen Agirresaroberentzat: «Ahal nuen gehien estutzea eta eustea; banekien atzetik jende oso azkarra etorriko zitzaidala. Lehen itzulian oso gaizki pasatu dut, hoztuta hasi baikara guztiok. Bigarrenean, aldiz, oso ondo sentitu naiz».

Lehen hiru postuetan amaitzea sari handia izango zelakoan hasi zuen proba Agirresarobek, baina ez zuen espero inondik ere garaipenik. Horregatik, ospakizunen inguruan galdetuta, bizi osoan ospatuko duela esan zuen tolosarrak, zoriontsu. Azkenik, esker hitzak ere izan zituen Aimar Agirresarobek: «Lasterketa ikustera etorri den jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiet; izugarri animatu naute ibilbide osoan zehar».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!