Txistulari Bandaren urteurreneko diskoaren aurkezpena

Ataria 2013ko maiatzaren 21a

Tolosako Udal Txistulari Bandaren kontzertua izango da gaur, Topic zentroan, 20:30etik aurrera. Ahora Astearen barruan kokatzen den emanaldia berezia izango da, bertan bandaren 40. urteurrena dela-eta egin duten diskoa aurkeztuko baitute.

Iñaki Letamendia Txistulari Bandaren zuzendariak azaldu duenez, urteurrenaren harira, «zerbait berezia» egin nahi zuten bandako kideek. Bada, disko bat egitea erabaki zuten, eta «oso gustura» geratu dira emaitzarekin: «Pozik gaude egindako lanarekin; gainera, disko bat egitea garrantzitsua da, betirako hor geratuko delako».

Sei abestiz osaturiko lana da. Horietako bi herrikoiak dira, Segurako alborada eta Lexearena, eta gainerakoak, Letamendiak berak eginak. «Zapatariarena, Gure Txokoa elkartearentzat egindakoa, Laiotz elkartearentzat eginikoa, Uzturre mendiari eginiko beste bat, eta lagun batzuei eskainitako bat», azaldu du Letamendiak.

Musika ezezik, letra ere badute kantek, gehienak Pako Gereñuk landuak. Letra horiek abesteko ardura, berriz, Tolosako Musika Eskolako koruek izan dute. Hiru abesti gaztetxoen koruak abestu dituzte, eta gainerako hirurak helduenak.

Bestalde, Txistulari Bandako kideez gain, Musika Bandako bi tronpetak ere parte hartu dute diskoan, eta baita bi perkusionistak ere. Era berean, Koldo Tarragona eta Amaia Lizasok ere parte hartu dute akordeoiarekin bi abestitan.

Kilometroekin bat

Gaurko emanaldian diskoan parte hartu duten artista guztiak izango dira Topic zentroko taula gainean. Diskoari dagokionez, astebete barru ikusiko du argia. Txistulari Bandak Tolosa&Co merkatari eta ostalarien elkartearen laguntza eskertu du, «beraiei esker egin ahal izan baitugu diskoa».

Hain zuzen ere, 1.000 ale jarriko dituzte salgai, eta erdia Kilometroei ematea erabaki dute: «Aurten Kilometroak Tolosan egokitu dela ikusita, ideia polita iruditu zaigu ekimenari ematea disko horiek, eta saldutakoa eurentzat izatea». Bada, Kilometroen dendan izango da salgai, eta merkatarien eta ostalarien elkartearen barruan dauden komertzioetan ere bai.

Poesia irakurketa

Bestalde, Ahora Astearen barruan, Ezer gehiago behar gabe liburuaren poesia irakurketa izango da, gaur, udal liburutegian, 19:00etan hasita. Karlos Linazasoro idazle tolosarraren lanak Xabier Lete poesia saria jaso zuen. Irakurketara joaten diren guztiei liburu bana oparituko zaie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!