Patinen eta skaten gainean hasiko dute Ahora! Astea igandeko festan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 17a, 09:15

Astelehenean Kike Amonarrizen hitzaldia izango da kultur etxean, Tolosako umorezko agiriez

Askotariko probak antolatu dituzte Ahora! Asteko patin festarako.

Kilometroak 2013 Tolosan ospatzeko bost hilabete falta direla, Ahora! Asteari ekingo diote, etzi, antolatzaileek. Igande goizerako, familia osoari begirako hitzordua prestatu dute, eta Irristaka taldearekin elkarlanean, patin festa izango da San Frantzisko pasealekuan.

10:00etan elkartuko dira adin guztietako patinatzaileak, eta garrantzia berezia eman diote, kaskoa eta gainerako babesgarriak eramateari; derrigorrezkoa izango da. Eguna hasteko, beraz, herrian barrena 3.5 kilometroko zirkuituari itzuli bat emango diote, eta tolosar gaztetxoenek ibilbide laburragoa egiteko aukera izango dute.

Ordu bete beranduago, taldekako probekin hasiko dira parte hartzaileak, erlojuaren aurka. Taldeak lauzpabost kidekoak izango dira, eta 600 metroko zirkuitu bati lau edo bost itzuli  eman beharko dizkiete.

Gauza bera egin beharko dute 12:00etako proban, baina txandaka; taldekide bakoitzak, horrela, buelta bat eman beharko dio zirkuituari.

Patinajeari eskainitako goiza amaitzeko, 13:00ak inguruan erakustaldiak izango dira, eta askotariko jarduerak ezagutu eta frogatzeko aukera eskainiko dute kalean, nahi duenarentzat: salalom, hockey, eta abar.

Aipatzekoa da, proba hauetan guztietan parte hartzeko, izena eman beharko dela, hasi baino 30 minutu lehenago, San Frantzisko pasealekuan izango den irteera puntuan.

Arratsaldean, berriz, skatearen txanda izango da. Tolosako Skate Taldearen eskutik, 17:00etatik aurrera, zortzi urtetik gorako haur eta gaztetxoentzat ikastaroak izango dira, Usabalgo skate parkean. Hemen ere, derrigorrezko baldintza izango da, gutxienez, kaskoarekin joatea, eta bestelako estalki eta babesak ere gomendatu dituzte.

Herria eta umorea, eskutik

Igandeko jai egunaren ondoren, Ahora! Asteari umoretik ekingo diote, Kike Amonarrizek eskainiko duen saioarekin: Tolosa Euskal Herriko irriburu. Euskara eta umorea historian zehar.

Hitzaldiaren izenburuan dion bezala, umorea eta euskara uztartuko ditu tolosarrak, eta batez ere Tolosari begira jarriko da: «Euskarazko umoreak Tolosan utzi dituen datuak, gertakariak, eta batez ere, bitxikieriak izango ditut hizpide». Hau guztia azaltzeko, agiri eta dokumentu historikoak hartuko ditu oinarri.

Saioa 19:30ean hasiko da, astelehenean, Antonio Maria Labaien kultur etxeko areto nagusian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!