Natalia eta Mantxi, 'Saurius' diskarekin.
Larunbatean Bonberenean aurkeztu zuten Saurius, eta gaurtik aurrera eskura daiteke Humusen lan berria. «Oso pozik» daude lorturiko emaitzarekin, eta irailera bitarte hainbat emanaldi aurreikusi dituzte jada; Plaza Berrian joko dute, ekainaren 15ean.
Duela 16 urte inguru sortu zenuten taldea. Nola heldu da Humus azken disko honetara?
Mantxi: Oso lasai iritsi gara. Gaztea zarenean, bestelako gauzak egin nahi izaten dira. Garai hori, ordea, pasa egiten da, eta beste batzuk iristen dira; haurrekin, adibidez, zalantza garaiak izaten dira, ez dakizulako aurrera jarraitu edo ez. Baina, azken finean, musikak eragiten dizun gogo horri esker jarraitzen duzu, lasaiago. Eta horrela iritsi gara 15-16 urte hauetara, baina musikak ematen digun indarrarekin.
Natalia: Bai, aldaketak izan dira, baina gu biok hasieratik egon izan gara; noski, gitarra bat edo bateria bat aldatzea nabaritzen da. Baina benetan aldatu dena gauzak egiteko modua da; eta bai, lasaitasuna izan daiteke azken disko hau definitzen duena.
Honek musikalki eragingo zizuen.
Natalia: Bai, nire kasuan asko. Hasieran, nik ez nuen bakarrik abesten, baina orain bai. Horrek, erlatiboa den erantzukizun bat ematen du. Gauzak aukeratzerakoan, gainera, lehen askoz ere gordinagoa zen dena, eta ateratzen zena ateratzen zen. Orain, pixka bat gehiago hausnarturiko gauzak dira.
Mantxi: Ez daukagu inongo presa edo presiorik, eta batzuetan, lehendabizikoan ateratzen diren gauzak politak iruditzen zaizkigu, eta horrela geratzen dira.
Martxoan grabatu duzue ‘Saurius’ Bonbereneako estudioan. Zer bildu nahi izan duzue soinu eta ideien aldetik?
Natalia: Ni oso pozik nago diskoarekin, bai helarazitako ideiengatik ere, baina batez ere, soinuari dagokionez. Beste perspektiba bat hartu dugu, eta lan handia izan da, baina asko kosta zaigun arren, ni oso-oso pozik nago.
Mantxi: Konfiantza handia izan dugu, gainera, lan egin dugun jendearekin. Eskarmentudun jendea da, eta gu gurea ahalik eta hobekien egiten saiatu garen bezala, gero eurek arduratu dira egindako hori ahalik eta gehien hobetzen; lortu dutela uste dut.
Zuen ibilbidea Bonbereneari nahiko lotuta joan izan da beti, ezta?
Natalia: Bai. Hasieran, Bonbereneak oraindik zigilurik ez zuela ere, autoekoizpena gure oinarrietako bat zen; gainera, Bonbereneako zati izan gara, eta sentitzen gara.
Mantxi: Ez gara inoiz handik aldendu. Orain oso gertutik jarraitzen dugu bertako jardun osoa; behar bada ez nahi bezain gertutik, beste eginbehar batzuk ditugulako. Baina Bonberenearen zati sentitzen gara, harro gainera, nahiz eta batzuetan hango aiton-amonen irudia eman...[barreak]. Baina beno, inongo lotsarik gabe; Bonbereneak gugan oso sentimendu indartsua sortzen du.
Autoekoizpena aipatu duzue, eta 2000. urtean autoekoiztu egin zenuten zuen lehen diskoa. Nola ikusten duzue, gaur egun, musikaren industria?
Mantxi: Aspaldidanik, eta gaur egun mailarik gorenean, Do it yourself mugimendua martxan ari da, nazioartean; jendeak gauzak bere kabuz egitea da. Joeran dagoen mugimendu da, eta egoerak bultzaturikoa. Guk, atzera begiratuta, 2000. urtean horrela lan egin genuen, baina orduan ere pretentsio handirik gabe egin genuen.
Natalia: Bere garaian arraro samarrak ginen, eta jendeak esaten zigun, ea nola argitaratuko genuen disko bat guk bakarrik.
Mantxi: Orduan guztiz kontrakoa egiten zen, eta disketxeek-eta nahiko erraz argitaratzen zituzten lanak.
Natalia: Beraiek ere bestelako egoera bat zutelako.
Mantxi: Eta milaka zeudelako; edonork zuen disketxe bat. Baina guk ez genuen gogorik ate joka ibiltzeko, beraz, informatu egin ginen eta horra jo genuen. Orain, atzerriko artikuluak-eta irakurtzen dituzunean konturatzen zara, Do it yourself deitzen diotena egiten aritu ginela.
Honek, nolabait, askatasun gehiago ematen dizue musikarioi?
Natalia: Bai, ez daukazu azalpenak inori emateko beharrik. «-Zergatik egiten duzu hau? -Ba nahi dudalako». Gero, beste gauza bat dira kritikak, eta jendeak zure lanaren inguruan dituen iritziak; kontuan har ditzakezu, baina zure gainetik inor ez dagoenez, ez daukazu presiorik, eta nahi duzuna nahi duzun bezala egiten duzu.
Mantxi: Zentzu horretan gozamena da, bai. Ezagutzen dugu lana beste era batera egiten duen jendea, eta zenbait konpromiso bete behar izaten dituzte. Eta horri ez diogu beldurrik, baina ez baldin baditugu hobe.
Musika ez da zuen ogibidea.
Mantxi: Ez, ezta nahi ere, gaur egun, musikaz bizi behar dutenak gaizki pasatzen ari baitira.
Natalia: Oso zaila da, gainera, eta batez ere, euskaraz abesten baldin baduzu. Beste hizkuntza batzuetan abestuz gero, beharbada, beste aukera batzuk sor daitezke.
Mantxi: Baina inoiz ez dugu musikatik bizitzeko helbururik izan. Beste gauza bat da, kontzertuak egitea eta hortik zehar ibiltzea, horretarako gogoa izan dugu. Baina gazte-gaztetatik ari gara lanean, eta bi gauzak nahiko txukun uztartu izan ditugu.
Nola funtzionatzen du, beraz, horrelako talde batek?
Mantxi: Entseguak ahal denean eta ahal den moduan egiten ditugu orain, presarik ez dugulako.
Natalia: Etxean egindako lana dago atzean. Lehen astean 8 orduz entseatzen bagenuen, orain 3 izaten dira.
Emakumezko ahotsa eta baxu jotzailea duten talde gutxi dago.
Natalia: Badirudi emakumeok musika munduan abestu egin behar dugula, derrigor; niretzat hori ez da rocka. Ni pozten naiz, gero eta neska gehiago daudelako, eta gazteak eta ausartak direlako; taula gainera igotzeko, ausartu egin behar delako, baxua, txeloa, pianoa edo trikitia jotzeko, neska edo mutila izan.
Mantxi: Emakumeek zerbait egiten dutenean, ondo egiteko ziurtasun horrekin egiten dute; mutilok ez dugu lotsa hori. Neska gutxi daude taldeetan, baina daudenak oso onak dira; mutilekin ez nuke orokortasun hori egingo. Hala ere, gero eta emakume gehiago daude musika munduan, eta poztekoa da.
Jendearen esanak entzun behar izan dituzu?
Natalia: Sekulakoak. Gogoan dut 19 urte nituela, nola esan zidan tipo batek, minigona bat jantzi izan banu, askoz ere jende gehiago etorriko zela gu ikustera. Orain barre egingo nioke, baina garai hartan, ia beti, jotzen nuen neska bakarra nintzen. Soinu probetan ere harrituta geratzen ziren baxu jotzailea eta abeslaria ni nintzela ikusitakoan, musikariren baten neska laguna nintzela pentsatzen baitzuten. Horrelakoei garrantzia emango bagenie, ordea, gauza asko egin gabe geratuko lirateke; nik jendea animatu egiten dut.
Humusen kontzertuak
Maiatzak 18. 20:00etan Bilboko Izarbeltzen.
Maiatzak 25. 22:00etan Erandioko gaztetxean.
Ekainak 8. 22:00etan Soraluzeko gaztetxean.
Ekainak 15. 19:00etan Tolosako Plaza Berria
Irailak 6. 22:00etan Gasteizen.