Euskarak piztuko ditu tolosarrak, Ahora! Asteko egitarauarekin

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 15a, 10:31

 

  • Ahora! Astea antolatu du Laskorain ikastolak, «KMK 2013 girotu, eta Tolosa euskararen inguruan dinamizatzeko»

  • Igande honetan hasiko dute egitaraua, patinaje eta skate festarekin

Datorren urriaren 6an Tolosan ospatuko den Kilometroak jaiaren helburuekin bat eginez, eta Kilometroak eguna bera girotze aldera, Ahora! Astea antolatu du Laskorain ikastolak, herriko hamaika eragilerekin elkarlanean. Tolosa eta tolosarrak euskararen inguruan dinamizatu nahi dituzte batetik, Laskorain ikastolako antolatzaileek; horrekin batera, euskaraz ondo pasatzeko xedea ere nabarmendu dute.

Jomuga horiei eutsiz, eta euskaraz esparru guztietan bizi daitekeela aldarrikatuz, Tolosako haur, gazte nahiz helduak aktibatzeko bideei heldu diete, Ahora! Asteak igande honetatik maiatzaren 25era bitarte eskainiko dituen jarduera eta egitasmoen bidez.

Aste osoko egitarau oparoa osatu ahal izateko, herriko hamaika eta bat eragile eta norbanakorekin elkarlanean aritu dira arduradunak. Besteak beste, Tolosako Liburutegia, Kike Amonarriz, Bonberenea Txaranga, Txapinfesta, Tolosa Kantari, Tolosako Zine Kluba, Irristaka patinaje taldea, Tolosako Skate Taldea, Harituz Bertsozaleen Elkargunea, Kalean Txaranga, GKo Gallery, Tolosako Udal Txistulari Banda, Karlos Linazasoro, Tamer Birawi nahiz Tolosako merkatari eta ostalariak izango dira parte hartzaileetako zenbait.

Honen harira, Kilometroak 2013ko koordinatzaile Unai Igartuak eskerrak eman nahi izan dizkie guztiei, Ahora! Astea aurkezteko egindako agerraldian: «Oso gustura gaude osatutako egitarauarekin, eta eragile eta norbanako guztiei eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen».

Zaletasun guztiak asetuz

Igandean bertan ekingo diote Ahora! Asteari, Patinaia egunarekin, eta haur, gazte eta helduei begirako jarduerak antolatu dituzte, Irristaka taldearen eskutik,  goizean zehar; federatuentzako lasterketa ere izango da.

Arratsaldean, berriz, Tolosako Skate Taldeko kideek 8 urtetik gorako herritarrei skate ikastaroak eskainiko dizkiete, Usabalgo skate parkean. Kirol jarduera hauek guztiak egin ahal izateko, kaskoa behar-beharrezkoa izango dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Datorren astelehenean, berriz, Kike Amonarrizek hitzaldi berezia eskainiko du, Tolosak historian barrena umorearekin izan dituen loturak hizpide hartuta: «Bi gai uztartuko ditut, Tolosa eta umorea. Aurrerapen gisa, esaterako, Tolosan euskaraz idatzi zen lehen dokumentuko lehen hitza ‘adarrak’ izan zela aurreratu dezaket; eta ez ziren zezenarenak», azaldu du txantxa artean tolosarrak. Finean, dokumentu eta agiriak baliatuz gidatuko du Tolosa, euskararen irriburu saioa, 19:30etik aurrera, kultur etxeko areto nagusian.

Musikarekin lehen zita, berriz, asteartean etorriko da, Tolosako Udal Txistulari Bandaren eskutik. Pasa den urtean 40. urteurrena bete zuen bandak, eta hori aitzakiatzat hartuz, diskoa grabatu dute, Tolosako Musika Bandak, eta Eduardo Mokoroa musika eskolako bandak eta abesbatzak lagunduta. Asteartean, beraz, 20:30ean aurkeztuko dute lan berria, Topic zentroko aretoan.

2013ko Kilometroak jaiko antolatzaileen beste helburuetako bat, alkoholaren kontsumoaren inguruko prebentzioarena izan da. Bide horretan, Agipad eta Tolosako Udaleko gizarte zerbitzuekin batera, Familiak eta nerabeek kontsumoak saioa izango da, asteazkenean. Ahora! Asteko koordinatzaile Irati Hartsuagak azaldu duenez, «urte osoko jarduera gehiagoren artean lehena izango da hitzaldi hau».

Osteguna, hilak 23, asteburuko atari gisa prestatu dute, eta batetik, zine foruma izango da; Palestinari buruzko Bost bideo kamera apurtuta filma izango da Leidorren, euskarazko azpitituluekin, eta Tamer Birawik aurkezpena egingo du aurretik.

Zerkausian, berriz, hurrengo bi egunetan bezalaxe, sardina jatea egingo dute: «Festa herrikoi bat antolatzeko asmoz, eta bizi dugun krisi garaia kontuan hartuta, patrika guztientzat erakargarri suerta daitekeen festa prestatu nahi izan dugu», azaldu dute. Modu honetara, sardina erreak eta sagardoa izango dira, eta babarruna zaporeko saltxitxak ere dastagai izango dira Zerkausian. Gainera, bideo lehiaketako parte hartzaile guztien lanak ere ikusgai izango dira.

Ahora! Asteko ekitaldirik nabarmenetako bat ostiralean izango da, Bonberenea Txaranga eta Lagunak kontzertuarekin. «Sakramentinoetako patioan egiteko ideia sortu zen, eta polita iruditu zitzaigun, eraikin berria ikasle nahiz guraso ohiei erakusteko modua izan daitekeelako; xarma berezia izango du», azaldu du Igartuak.

Bide beretik, txarangako kide den Mikel Zelaiak, kontzertua banda formatuan eta sinfoniko formatuan eskainiko dutela azaldu du: «Dibertigarria izango da edozein adinetako ikusleentzat, eta Ahora! abestia zuzenean entzun ahal izango da». Aipatzekoak dira, emanaldi berezi honetan taula gainean izango diren kolaboratzaileak: Aiora (Zea Mays), Aitor Gorosabel (Su ta Gar), Francis (Doctor Deseo), Juantxo eta Jokin (Glaukoma), Natalia (Humus), eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots.

Emanaldia ikusi ahal izateko sarrerak salgai daude jada, ondorengo guneetan: Tolosan, Ikastolako idazkaritzan, KMK13 dendan, Bonberenea, nahiz Denak, Orbela eta Meskal tabernetan; Villabonan, berriz, Amasa Okindegian.

Larunbatean, azkenik, Gazteok Txapinetan taldeak urtero antolatzen duen Txapin Festa Ahora! Astearekin uztartuko da. «Txapin festa elkarlanean antolatzen dugun lehen aldia ez da izan, eta proposamena luzatu zigutenean berehala eman genien baiezkoa. Egia esan, egitaraua aurreko urteetakoen antzekoa izango da», azpimarratu du Manex Izagirre antolatzaileak. Bazkari txartelak eskuratu nahi dituenak, Denak, Raku eta Mescal tabernetara, edo KMK 13 dendara eta ikastolara jo beharko du.

Aipatzekoa da, baltsa jaitsietan parte hartzeko kultur etxean izena eman beharko dela, eta parte hartzaileei Ahora! banderola emango dietela, baltsan jar dezaten.

Ahora Astea! larunbatean amaituko denez, astea biribiltzeko datorren maiatzaren 26an Portugaleten ospatuko duten Ibilaldia festara joateko deia egin du Unai Igartuak.

Laster iritsiko dena

Ahora! Asteko egitasmoez gain, datozen asteotarako Kilometroak 2013ko antolakuntzak aurreikusitako bi jardueren berri ere eman dute agerraldian.

Batetik, Kilometroak 2013ko bideokliparen aurkezpena maiatzaren 28an egingo dutela azaldu dute, eta era berean, ekainaren 2an, Bedaioko Artubi elkartearekin elkarlanean burutuko dute jarduera: Tolosako tontorrik altuenera, Artubira, lekukoa eramango dute mendi ibilaldia burutuz.

Ahora! Astea, egitaraua

Maiatzak 19, igandea

PATINAJE FESTA

10:00. Adin guztietako patinatzaileen ibilaldia Tolosan, 3,5 kilometroko zirkuitua burutuz. Derrigorrezkoa izango da patinak eta kaskoa jantzita izatea, eta horrez gain, bestelako babesteko tresnak ere gomendatu dituzte.

10:15. Patinatzaileek irteera. Herritik barrena 3,5 kilometroko itzulia egingo dute. Haur txikienek ere parte hartzeko aukera izango dute, zirkuitua murrizteko aukera izango baita.

11:00. Erlojuaren aurkako lasterketa, taldeka. 4 edo 5 parte hartzaileko taldeak egin beharko dira, eta kide bakoitzak 600 metroko zirkuitu bati lauzpabost buelta eman beharko dizkio.

12:00. Txandakako lasterketa, taldeka. Lauzpabost kide izango dira hemen ere, eta 600 metroko zirkuituari itzuli bat emango diote.

13:00. Erakustaldiak eta patinatzeko gune irekiak jarriko dituzte: slalom, hockey,... Nahi duenak proba egin ahal izango du.

* Patinatzeko gune librea ere prestatuko dute, bere gisara patinatu nahi duenarentzat.

17:00. 8 urtetik gorako haurrentzako ikastaroa eskainiko dute Tolosako Skate Taldeko kideek, Usabalgo skate parkean. Skatea eta kaskoa derrigorrezkoak izango dira.

Maiatzaren 20tik 25era

17:00etatik 20:00etara. Tolosako euskal idazleak erakusketa, haur liburutegiko ganbaran. Aste osoan nabarmenduta eta ikusgai izango dira liburutegian, Tolosako idazle nahiz itzultzaileek lanak. Liburu horiek irakurtzen dituztenen artean, gainera, zenbait galdera erantzuten dituztenek, Ahora! produktuak eta liburuak irabazteko aukera izango dute zozketa batean.

* Ahora! pintxoa eskuragarri izango da, Tolosako tabernetan.

Maiatzak 20, astelehena

19:30. Hitzaldia, kultur etxeko areto nagusian, Kike Amonarrizen eskutik: Tolosa, Euskal Herriko irriburu. Euskara eta umorea historian zehar. Umorea eta Tolosa uztartuko ditu, historian zeharreko pasadizoak kontatuz. Idazki ofizialak eta dokumentuak ere baliatuko ditu.

Maiatzak 21, asteartea

19:00. Karlos Linazasorok poesia emanaldia eskainiko du liburutegian, eta bertaratuei bere liburuak oparituko dizkie.

20:30. Tolosako Udal Txistulari Bandaren kontzertua, eta urteurreneko disko aurkezpena, Topic zentroko aretoan. Txistulari bandak iaz bete zuen 40. urteurrenaren harira, diskoa grabatu dute Tolosako Musika Bandaren, nahiz Eduardo Mokoroa musika eskolako akordeoi orkestraren eta abesbatzaren laguntzaz.

Maiatzak 22, asteazkena

19:00. Familiak eta nerabeen kontsumoak alkohol kontsumorako prebentzio saioa, kultur etxeko areto nagusian, Tolosako Udaleko Gizarte zerbitzuekin elkarlanean. Kilometroak 2013 lanketa berezia egiten ari da Agipad eta udaleko gazteria sailarekin batera, eta Kilometroak jaiean alkoholak sortzen dituen arazoak direla eta, urte osoko egitasmo baten lehen jarduera izango da hitzaldia. Besteak beste, gurasoei zuzenduriko saioa izango da.

Maiatzak 23, osteguna

19:15 eta 21:45. Zine foruma: Bost bideo kamera apurtuta filmaren estreinaldia. Tolosako zine klubarekin elkarlanean, Tamer Birawik euskarazko aurkezpena egingo dio, euskaraz, Palestinako gatazkari buruzko aktualitate filmari. Euskarazko azpitituluak izango ditu pelikulak.

20:00-23:00. Sardina jatea Zerkausian. Festa herrikoia antolatzeko helburuz, patrika guztientzat erakargarri suertatzeko prezioak jartzen saiatu dira, eta sagardoa eta sardinez gain, babarrun zaporeko saltxitxak ere dastagai izango dira, hiru egunetan. Ostegunean, ikasle batzordeak antolatutako bideo lehiaketako lanak proiektatuko dituzte sardina janarekin batera.

Maiatzak 24, ostirala

20:00-23:00. Sardina jatea egingo dute Zerkausian.

21:30. Txaranga kalejira izango da, Zerkausitik Sakramentinoetaraino.

22:00. Bonberenea Txaranga eta lagunak kontzertua, Laskorain Ikastolaren eta Bonberenearen eskutik. Sakramentinoetako patioan izango da, besteak beste, eraikin berria ikasle nahiz guraso ohiei erakusteko helburuz. Txaranga formatuaz haratago, banda formatuan edo formatu sinfonikoan eskainiko dute emanaldia, honako kolaboratzaileekin: Aiora (Zea Mays), Aitor Gorosabel (Su ta Gar), Francis (Doctor Deseo), Juantxo eta Jokin (Glaukoma), Natalia (Humus), eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots.

* Aurretik. Ahora! bideo lehiaketako finalistei sariak banatuko dizkiete.

Maiatzak 25, larunbata

AHORA! eguna

* Goizetik hasita, Argitxoren bila jolasa izango da, Laskorain ikastolako lehen hezkuntzako ikasleei begira: Tolosako hainbat dendetan Argitxoak egongo dira ezkutaturik.

12:00. Trianguloan murala margotuko dute.

12:00-13:30. Tolosa Kantari eta Giroarte dultzaineroak Alde Zaharrean barrena kalejiran ibiliko dira.

12:30. Txapin Festako baltsen jaitsiera, Oria ibaian. Kultur etxean eman beharko da .

14:00. Herri bazkaria Plaza Berrian. Belaunaldi desberdinetara zabaldu nahi izan dute, aurten, bazkaria. Txartelak salgai Denak, Raku eta Mescal tabernetan, Ahora dendan eta Laskorain ikastolan.

16:00. Bertso musikatuak Harituzeko Haritz Mujika eta Unai Mendizabalen eskutik.

16:30. Ahora! mosaikoa Plaza Berrian.

17:00. Kamisetak banatuko dituzte, eta jolasak izango dira Plaza Berrian.

18:00. Kalejira Kalean txarangarekin.

18:30. Jolasak Euskal Herria plazan.

20:00-23:00. Sardina jatea.

21:30. Zesuma taldearen emanaldia Zerkausian.

Datozen jarduerak

Maiatzak 26, igandea. Ibilaldia festara joateko deialdia.

Maiatzak 28. KMK 2013ko bideoklipa aurkeztuko dute.

Ekainak 2. Bedaioko Artubi elkartearekin elkarlanean, Tolosako muinorik garaienera, Artubira, lekukoa eramango dute mendi irteera eginez.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!