Bi ziklo berri eskainiko ditu Paper Eskolak irailetik aurrera

Ataria 2013ko maiatzaren 15a

Pablo Eguzkitza zentroaren dinamizatzailea, Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Nicolas Sagarzazu Don Boscoko zuzendaria.

Tolosako Paper Eskolan araututako bi ziklo berri eskainiko dituzte datorren ikasturtean, biak ere papergintzarekin eta kimikarekin lotuak. Bata, Erdi Mailako zikloa izango da, Kimikagintza, eta bestea goi-mailakoa, Kimika industriala. Zikloak papergintza munduari lotutako eskualdeko nahiz Gipuzkoako enpresen beharrak asetzeko eta bertako ikasleak lehenbailehen lan merkatuan integratzeko pentsatuta daudela adierazi dute.

Pasa den urtean Don Boscok hartu zuen Tolosako Paper Eskolaren gidaritza, «zentroa biziberritzeko» helburuarekin, eta bitarte horretan antolaketan aritu ostean, irailean jarriko dituzte martxan bi zikloak.

Ikastetxearen eskaintza aurkezten izan dira Ibai Iriarte Tolosako alkatea, Nicolas Sagarzazu Don Boscoko zuzendaria eta Pablo Eguzkitza zentroaren dinamizatzailea. Hainbat eragile publiko eta pribaturen arteko elkarlani esker lortu dutela Paper Eskola biziberritzea gogoratu eta eskertu dute. Horien artean daude, Tolosako Udala, Tolosaldea Garatzen, Paperaren Clusterra eta Adegi. Horrek gainera, pisua ematen diola egitasmoari nabarmendu dute, «sinergiak aprobetxatuz, proiektu komun bat garatu delako». Orain, zentroaren erronka nagusia, egungo beharretara egokitzea dela esan dute. Bestalde, Paper Eskolak eskainiko duen zikloetako bat, kimikagintzakoa, Gipuzkoan bakarra dela ere azpimarratu dute.

Tolosako Paper Eskola, eskualdeko beste Lanbide Heziketa Institutuen osagarri izango da, eta eskaintza «aberasten» lagunduko du. Hain zuzen ere, Paper Eskolaren atzean dauden eragileek hasieratik «garbi» izan duten baldintzetako bat hori dela azaldu dute, «Paper Eskola gehitzera datorrela, laguntzera eta osatzera».

Gaur, ate irekien jardunaldia

Paper Eskolaren inguruko informazio gehiago lortu nahi duen orok gaur izango du horretarako aukera, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Ikastetxea erakustearekin batera, eskaintza akademikoaren berri ere emango zaie bertaratzen direnei. Baita, ziklo hauek dituzten lan irteerak zeintzuk diren azaldu eta honez gain, ikastetxeak zein zerbitzu eskaintzen dituen agertu, hala nola, ekintzailetasuna, orientazioa, praktikak egiteko aukera enpresetan eta lan-poltsa. Ondoren, sarbide prozesua eta instalazioak erakutsiko zaizkie bisitariei eta amaitzeko lunch-a egingo dute.

50 urte betetzear

Tolosako Paper Eskola 1965. urtean sortu zen. Garai hartan, industria sektoreak teknologia berrienetan prestatzeko beharra ikusi zuen, eta Tolosako eskualdea hautatu zen proiektua aurrera eramateko, papergintzan herriak zuen tradizioarengatik. Duela urte batzuk, sektorearen gainbeherarekin batera, ikastetxea ere ahulduz joan zen, eta ondorioz, bi urtetan ez dute hezkuntza arautuko ziklorik eskaini. Orain, ordea, badirudi duela hilabete batzuk Tolosako Udalak eta beste zenbait eragilek jarritako helburua bete egingo dela, hau da, 2014an, 50. urteurrena ikasleekin batera ospatzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!