Anje Duhalde, musikaria: «Euskarak aurrera egin duela esan dezakegu, baina kakotx artean»

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 14a, 10:51

Aldarrikapenak markatu izan du, Anje Duhalderen sormenaren zati handi bat. ‘Berria’ egunkariaren 10. urteurrenaren harira, euskarazko egunkari nazional bakarraren alde ariko da kantuan, Tolosan.

Anje Duhalde.

Duela lau hamarkada inguru hasi zuen Anje Duhaldek (Arrangoitze, Lapurdi, 1950), musikari ibilbidea. Berria egunkariak, berriz, lehen hamarkada beteko du datorren hilabetean, eta urteurrena ospatzeko, Leidor aretoan taularatuko da abeslari lapurtarra, «aspaldiko partez».

Errobiren lehen zuzeneko diskoa ere Tolosan grabatu zutela gogora ekarri du, baina nostalgia alde batera utzi nahi izan du, eta jendea gonbidatu du, ostiral honetako emanaldira.

Iaz zuzeneko Ibilian diskoa grabatu zenuen. Ostiralean, besteak beste, lan honek biltzen duena taularatuko duzu?

Disko horretan dauden kantu gehienak, eta beste zer edo zer ere eskainiko dugu. Izan ere, aurten errepertorioko gauza batzuk aldatu ditugu, eta baliteke sekula kantatu ez ditudanak ere kantatzea. Baina oinarria diskoa izango da, bai.

Euskal rockaren aitzindarietakoak izan zineten zu eta Mixel Ducau, Errobirekin, eta zenbait hamarkada pasa diren arren, musika munduan jarraitzen duzue. Musika egitea, eta euskaraz egitea, zaila da?

Begiratzen zaion aldearen arabera [barreak]. Ekonomikoki ez da apusturik hoberena, baina egia esan, niretzat pribilegio moduko bat izan da. 17-18 urte nituenez geroztik, eta ia-ia gaur arte, musikaz bizi izan naiz, musika munduan. Momentu zailak izan dira, bai, eta agian izango dira, baina ez dago dudarik horretan: irautea garrantzitsua da. Errobiren fasea izan zen hasteko, eta gero Akelarrerena. Horren ondoren, nire ibilbide pertsonala 1987an hasi zen, eta gaur arte iraun du. Orduan, ez naiz kexatuko; nire inguruan panorama nola dagoen ikusita, nola kexatuko naiz ba ni, daukadan egoeraz? Ez da beti erraza izan, baina hain gogorra ere ez.

Zure ibilbidean, kantuak aldarrikapenerako erabili izan dituzu. Musika bide ona al da protestak jendearengana irits daitezen?

Ez dakit modu hoberena den, baina nik hori beti horrela sentitu izan dut. Beti argi utzi nahi izan dut, nire izaerak koherentzia izan behar duela, nire musikari irudiarekin, edo ematen dudan irudi publikoarekin. Horrela, nire bizitzaren fase horiek guztiak islatu nahi izan ditut, nolabait, kantuen bitartez. Eta beraz, hitzak idazten dituzularik, beti aldarrikatzen duzu zerbait. Behar bada, pertsona batzuei gehiegizkoa irudituko zaie, eta beste batzuentzat ez da nahikoa izango; beti hor izaten da paradoxa hori.

Hainbat autoreren hitzak abestu izan dituzu, gainera, zureekin batera; garrantzia dute zure sormen lanean.

Bai, beti argi izan dut, nire ingurua eta nire gizarte hurbila islatu nahi izan ditudala kantuen bitartez, eta behar bada hortik dator aldarriaren istorio hori. Finean, bake duin baten zale izatea beti aldarrikatu izan dut, eta gure herriaren gora-beherak eta aldarrikapenak aurrera eramatea nire barruan dudan zerbait da; hori kantatzea naturala egiten zait, beraz.

Ostiralean Berriaren 10. urteurrenaren harira eskainiko duzu kontzertua; hitzek ere izango dute zerikusirik, beraz. Zein garrantzia du zuretzat, euskarazko informazioa jasotzeak?

Gaur egungo munduan informazioa nonahitik hartzen dugu, eta beraz, euskarazko informazioak toki bat izatea, garrantzitsua baino are gehiago da; beharko zukeen tokia ez du hartu oraindik, eta azken finean, hori guztia hizkuntzarekin lotua da.

Hizkuntzak gizartean duen eragin eta presentziarekin?

Euskararen gora-beherak aipatzen badaramatzagu jada, hainbat hamarkada, eta euskarak aurrera egin duela esan dezakegu, baina kakotx artean; izan ere, gizarte hizkuntza moduan izan duen bilakaerarekin, ez dut uste oso harro izan beharko genukeenik. Euskarak Euskal Herriko hizkuntza izan beharko luke, eta hori beti helburu bezala hor geratzen da. Hizkuntza ofiziala izateaz gain, herri hizkuntza eta gizarte hizkuntza beharko luke izan. Hori guztia lotua dago nire betiko ametsarekin-edo, eta errealitate gordin hori kantuen bitartez aipatzearekin. Eta finean, nire izaerarekin ere bai, beti izan bainaiz euskararen militante sutsua, eta luzaroan izanen bainaiz.

Euskararen aldeko aldarriek luzaroan jarraitu behar dute beraz?

Gure izaeraren zatirik nagusiena da euskara, eta hori galtzen badugu, ez dakit zer izango ote den! Azkenaldian Irlandan egoteko aukera izan dut, eta han konturatu naiz, adibidez, aldarrikapen sozial eta politikoekin lortu dutela zerbait, edo zerbait baino gehiago: presoak askatu dituzte, eta beste hainbat gauza. Baina hango jendearekin hitz egitean konturatu naiz, hango akatsik handiena zein den: beren hizkuntza, gaelikoa, ez dute mantendu. Ez da kalekoa, eta inongoa, halako mamu bat bezalakoa da; hor dago, baina ez dago bizirik. Eta nik ez nuke hori gertatzerik nahi gure herrian.

Kaleko hizkuntza izatearen garrantziaz ari zara. Iparraldean zein leku du gaur egun euskarak?

Duela 40 bat urte inguruko egoerarekin konpara daiteke, eta ikus daiteke sekula baino gehiago aipatzen dela euskara. Baina praktikatu eta hitz egin... Sozialki ez du, oraindik, bere tokia lortu. Eta are gehiago esango nuke: euskararen erabilera iparraldean, inoiz baino urriagoa da azken urteotan. Hau kontuan hartuz gero, zera pentsatzen duzu: «Zertan ibili gara hainbeste urtetan borrokan, horretara heltzeko?». Baina inoiz ez da etsi behar, eta aurrera jarraitu behar da. Nik uste dut, kontzientzia pixka bat gehiago sortu beharko genukeela; nik nire sailean, eta norberak bere sailean. Ez da erraza izango, baina, horretara heldu beharko dugu,eta horretarako, borroka eta lana egin beharko da.

Helburu hori lortzea urruneko zerbait da?

Egia da, iragarpena oso ezkorra dela, eta niri batzuek askotan esan ohi didate, «hi pesimista bat haiz». Pesimista ez naiz, ni guztiz baikorra naiz berez, baina errealista ere bai, eta errealismo horretan, faktore horiek guztiak sartzen dira.

Musikalki nazioarteko erreferenteak izan dituzu, eta gurera ekarri izan dituzu hitzen bidez edo euskal musika tradizionalaren ñabardurak gehituz.

Nola ikusten duzu euskal musikari gazteen etorkizuna?

Gomendio moduan, gazteei, egiteko eta sortzeko esango nieke, hori baita garrantzitsuena; sortzen ez bada, etorkizunik ez da. Egindako hori plazaratzeko, gero eta zailtasun gehiago dira, nola ez, garai honetan, krisi madarikatu hau gora eta behera dabilenean. Hala ere, animoak eman behar dira. Ez dakit nori entzun nion behin, artea dela krisiaren alternatibetako bat; uste dut egia dela artearena, artea beti baita gertatzen diren gauza txarrei, momenturen batean, estalki bat jartzen diona. Negarraren alternatiba hoberena irri egitea dela ere esaten dute, ezta? Horretan ari gara, eta ni ahalik eta animo gehien ematen saiatzen naiz gazteei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!