Mahala Tolosaldeko Triatloi Taldeko Aimar Agirresarobe Sprint distantziako Euskadiko txapeldun izendatu da, pasa den larunbatean Deba-Itziar Extreme proban bigarren sailkatu ostean.
Agirresarobe, Ainhoa Muruarekin batera[/caption]
Nick Kastelein izan zen garaile Debako helmugan, igerian 0,75 kilometro, bizikletan 30 kilometro eta lasterka beste 5,2 kilometroko distantzia, 1:19:56ko denboran egin eta gero. Australiarra, lehen hamarren artean sailkatu da aurtengo Munduko Kopako bi lasterketetan, eta harengandik 50 segundora helmugaratu zen Agirresarobe. Emakumeen mailan, berriz, Ainhoa Murua izan zen garaile.
Itsas baldintzek igeriketa saioa baldintzatu zuten, eta lasterketa buruarekiko tartea galdu zuen TTTko kideak. Bizikleta gainean, ordea, denbora hori errekuperatu, eta korrika saioan atzean utzi zituen aurkariak: «Korrika saioari oso fuerte ekin diot, hori izan da nire apustua. Ikusi dut tartea atera diedala atzekoei, eta azken kilometroetan pixka bat erlaxatu egin naiz. Banekien Kastelein ez zela arerioa eta bigarren postuaren bila joan beharko nuela».
Triatloilari gisa urte asko daramatza tolosarrak, eta txapelketa irabaztea «oso sari polita» dela azpimarratu du, nahiz eta txapela bere lagun Imanoli eskaintzen dion: «Txapel hau harentzat da, badakit nonbaitetik entzungo nauela».
Hamar urtez Atletico San Sebastian taldean aritu ostean, aurten Tolosaldeko Triatloi Taldera itzuli da Agirresarobe. «Helburu berriak jarri dizkiot nire buruari. Entrenamenduak nire kasara prestatu eta antolatzen ditut, eta espero baino fuerteago nago». Hurrengo jomugak, Bilboko eta Zarauzko triatloiak izango dira.
Berarekin batera, TTTko Aitor Regillaga, Ion Artutxa, Iñigo Esnaola, Edu Gonzalez, Asier Saez, Gorka Sarasola, Aritz Iglesias eta Sonia Muñoz, eta Atletico San Sebastianeko Zalakain anaiak, Ilazki eta Egoitz arituko dira datorren larunbatean Bilbon jokatuko den proban.