Greba mugagabeari ekingo diote gaurtik aurrera Gipuzkoako Adinekoen hainbat zentrotan. Espainiako Gobernuaren erreforma Gipuzkoako egoitzetan aplikatzeari uko egin eta hitzarmen duinak sinatzea du helburu protestak. Tolosaldean adinekoen hiru zentro daude: Villabonako Santiago egoitza eta Tolosako Iurreamendi eta Uzturre zentroak. Bada, Iurreamendin atzo bertan aurre akordioa lortu zutenez eta Villabonakoan hitzarmena sinatua zutenez ez dute grebarik egingo, eta Uzturre zentroan, berriz, grebari ez atxikitzea erabaki dute langileek.
Tolosako Iurreamendi egoitzan udaleko langileez gain, Zu eta Biok enpresako langileek egiten dute lan. Hain zuzen ere, atzo bertan lortu zuten aurre akordioa Zu eta Biok enpresarekin, eta datozen egunetan sinatuko dute hitzarmena. Aurretik zuten enpresako hitzarmena, probintziako hitzarmena, extraestatutarioa eta Gipuzkoako Foru Aldundiak proposaturikoa hartuko lituzke kontuan hitzarmenak.
Villabonako Santiago egoitzan, berriz, pasa den urteko azaroan sinatu zuten hitzarmena, beraz, Espainiako Gobernuaren erreforma aplikatzetik kanpo geratuko litzateke. Sinatu zuten hitzarmenean, baina, KPIren igoera aplikatzea faltako litzaioke, eta hori aste honetan bertan sinatzea espero dutela azaldu dute ELA sindikatutik.
Tolosako Uzturre zentroan, bestalde, ez dute hitzarmenik sinatuta oraindik, eta enpresak langileei aurkeztu dien zirriborroa «lehen baino okerragoa» da ELAren esanetan, «Diputazioak mahai gainean jarritako proposamenetik urrun dagoelako». Enpresaren eta langileen arteko negoziazioa ere urrun ikusten du ELAk. Dena den, atzo langileek eginiko batzarrean greba mugagabeari ez atxikitzea erabaki zuten.
Uztailaren 7rako sinatzen ez badira, hitzarmenik ez duten zentroetan Espainiako Gobernuaren erreforma aplikatuko litzateke. Hitzarmen horiek lortzeko helburuarekin hasi dira grebarekin Gipuzkoako hainbat zentrotan, eta mobilizazioak ere aurreikusi dituzte. Atzo Donostiako Bulevarrean kanpalekua jarri zuten, esaterako. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen arabera, greba deialdia mantentzen den egoitzetan pertsonalaren erdia lanean izango da, eta hainbat ordutan langileen % 60.