Asuncion klinikako langileak mobilizazioetan hasi dira, «klinikako zuzendaritzak soldatak murrizteko asmoa» azaldu dielako. Pasa den astean hasi zituzten protestak, eta aste honetan ere egingo dituzte, klinikan bertan, Tolosako eta Andoaingo zentroetan, nahiz kalean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Asuncionekin kontzertu ekonomikoa urtez urte eguneratzen duela gogorarazi dute langileek, eta azaldu dutenez, enpresa kudeatzailearen urte osoko aurrekontuek galerarik ez dute izan. Halaber, 2010az geroztik, soldatak izoztuta dituztela salatu dute, eta «behin eta berriro» ukatu dietela hitzarmen kolektiboa sinatzea. Horregatik «erabat bidegabetzat» jo dituzte soldaten murrizketak.
Hala, atzo Asuncion klinikaren sarreran elkarretaratzea egin zuten goizean eta arratsaldean. Gaur Tolosako Belateko zentroaren aurrean elkartuko dira langileak, 11:00etatik 12:00etara; bihar, Andoaingo zentroan egongo dira, 11:00etatik 12:00etara; eta etzi, Asuncion klinikaren sarreran jarriko dira langileak, 11:00etatik 11:20era, eta 16:00etatik 18:00etara.