Herritarrei hondakinen gaiaren larritasuna helarazteko helburuz, auzoz auzoko saioak antolatu dituzte.
Hondakinen bilketa sistemarekin azken hilabeteotan sorturiko hika-mikaren harira, «%70 eta %85 arteko birziklatze tasak nola lortu jakitea garrantzitsuena» dela azaldu du Tolosako Bilduk, egindako agerraldian. Kopuru hauek teknikoki nahiz ekonomikoki eskuragarriak direla nabarmendu du Antton Izagirrek: «Zentzu honetan, Bilduk konfrontazio politikoa ideien eztabaidara bideratzeko hautua egin du».
Koalizioaren iritziz, «hondakinen bilketak, eztabaidatik haratago, etsaigoak sortu ditu zoritxarrez, eta adostasunak baino, ezin ikusiak ere bai», azaldu dute. Izagirrek azaldu duenez, gainera, beren ikuspunturako «gaia behar baino gehiago nahastu da, neurriz gain politizatuz».
Honek guztiak, auzi honetako helburua, birziklatzea eta kontzientzia, oztopatu egin dituela diote, eta besteak beste, «zuk irabazi ala nik irabazi blokeen arteko borrokatik, dialektikara pasatzeko eskaria» egin dute.
Adostasun eta elkarrizketa hau lortzeko, Bilduk Tolosako Udaleko hondakinen mahaian lorturiko akordioa hartu nahi izan du abiapuntutzat, Eider Olazar Elduaienek azaldu bezala: «Tolosan, Bildu, Aralar eta EAJren artean lorturiko akordio zabala abiapuntutzat hartu nahi dugu. Bilketa mota erabaki aurretik, azterketa teknikoa kontratatzeko onartutako oinarriek, garbi erakusten dute bilketarako proposatuko dituzten sistemek gutxieneko %70eko birziklatze tasa ziurtatu beharko dutela». Gainera, «desberdintasunak desberdintasun», Tolosa Zero Zabor eta Tolosa Txukun taldeak ere, helburu berera atxiki dira.
Topalekuak herritarrentzat
Hondakin kopuru handia birziklatu, eta «zabortegi eta errauste planta berrien beharrak saihesteko» helburu horri begira, Tolosako Udaleko nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko politikariek betebeharrak dituztela dio Bilduk.
Hala ere, berebiziko garrantzia eman diote, auzi honetan herritarrek hartu beharreko konpromisoari: «Herritarrok gure konpromisoa hartu behar dugu, gure parte hartze eta elkarlanaren bidez, hartu beharreko neurriak har daitezen, eta finean, hondakinak arazo izatetik konponbide ere izan daitezen», azpimarratu du Olazar Elduaienek.
Honekin lotuta, eta «Bilduk Tolosako alkatetza eta Udal Gobernuaren ardura duen neurrian», gehiengo politiko eta sozialaren adostasuna lortzeko «erantzukizun eta betebeharra» beren gain hartu du koalizioak: «Gogor saiatuko gara helburu hori lortzen, eta uko egingo diegu hondakinen udal mahaian adostutako helburuetara heltzea galarazten duten eztabaida antzuei, nahiz alderdikerian aritzeari».
Honegatik guztiagatik, herritar eta eragileei zuzenduriko proposamena ezagutarazi nahi izan dute Bilduko kideek, Tolosako Alkartetxean egindako agerraldian: «Tolosako auzo eta txokoetara eztabaida zabaltzeko asmoa eta borondatea aditzera eman nahi dugu».
Finean, hondakinen gaian interesa duen edozein norbanako edo talde gonbidatu nahi dute, auzoz auzo antolatuko dituzten topalekuetara: «Aisialdia, kultura, kirola, auzo elkarteak, dendariak, ostalariak, norbanakoak,... Guztion kontua da, bestela ezinezkoa baita birziklatze tasa horietara heltzea», azpimarratu du Antton Izagirrek.
Horrela beraz, proposamenak entzun, eztabaidatu nahiz bateratzeko, eta «hondakinen arazoaren larritasuna mahai gainean jarriz, jendea kontzientziatzeko», zenbait hitzordu zehaztu dituzte jada, Amarotzen, Larramendin eta kultur etxean: «Behar soziala da, eta gai honek gertutasuna galdu duenez, beharrezkoa da gertutasun hori berreskuratzea», nabarmendu du Eider Olazar Elduaienek. Aipatzekoa da, beste hainbat auzotan ere lanean ari direla bilkurak antolatzeko.
Saioak herritarrekin
- Amarotz auzoa.Maiatzak 16. 19:30ean, Auzo Elkartearen lokaletan.
- Larramendi auzoa.Maiatzak 22. 19:30ean, Auzo Elkartearen lokaletan.
- Kultur etxea. Ekainak 4. 19:30ean, gazteleraz.