Iurreamendiko baratze parkea ekainaren erdialdean zabalduko dute

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 10a, 10:55

Ireki dute jada, herri baratzeetan parte hartzeko izen emate epea, ekainaren 7ra bitarte izango da

Hasier De los Riosek eta Mikel Insaustik eman dituzte baratze parkearen inguruko zehaztapenak.

Iurreamendiko lur eremuan jarriko dituzten herri baratzeak erabili ahal izateko izen emate epea zabalik da jada. Interesa duten norbanako nahiz eragileek, ekainaren 7ra bitarte izena eman ahal izango dute, Tolosako udaletxean bertan, edo www.tolosakoudala.net web atarian. Baratze parkea, berriz, ekainaren 15 ingururako zabalduko dute.

Kutxako Ekogune fundazioko Mikel Insausti zuzendariak azaldu duenez, elikadura ekologikoaz gain, «baratzeen helburua giza talde desberdinen arteko elkarbizitza eta harremana sustatzea ere bada». Horrela, Gipuzkoako 16 udalerritara zabalduko da, Ekoguneko herri baratzeen proiektua.

Tolosan, guztira 81 baratze osatuko dituzte; bi baratze elbarrientzat bideratuko dituzte, eta 80 metro karratuko beste lau baratze, berriz, irabazi asmorik gabeko elkarteentzat izango dira. Azkenik, geratzen diren 40 metro karratuko 75 baratze horietatik, 45 langabetuentzat izango dira, eta 30 gainontzeko herritarrentzat. Tolosako Udalak lehentasuna eman nahi izan diete, lanik ez duten herritarrei, eta horregatik bideratuko dizkiete baratzen erdiak eurei.

Baratzeez gain, Iurreamendiko eremua herritar guztientzako parke-lorategi bilakatuko dela azpimarratu du De los Riosek: «Diseinua asko zaindu dute, leku atsegina eta funtzionala izan dadin».

Izena eman dutenen artean zozketa egingo dute baratzeak esleitzeko, eta langabetuen kasuan, urtez urte kontrolatuko dute beren lan egoera. Gainera, baratzeak erabiltzeko baimenek urte beteko epea izango dute, eta gehienez ere lau urtera luzatu ahal izango da baimena, «ahalik eta jende gehienak parte hartzeko».

Hasier De los Rios zinegotziak azaldu duenez, «herri baratzeak erabili nahi dituzten herritarrek benetako konpromisoa hartuko dutela ziurtatze aldera», prezio sinboliko batzuk jarri dituzte; oraindik zehaztu gabeko kopuruak dira, baina gutxi gorabehera, langabetuek 5 euro ordainduko dute hilabetean, eta elbarriek berriz, 10 euro. Gainontzeko erabiltzaileek, 15 euroko alokairua ordainduko dute.

Lursailak eta heziketa

Baratzeak esleitzen dizkieten herritarrek, ikastaro trinko bat jasoko dutela nabarmendu du Mikel Insaustik; hileroko jarraipena ere izango dute, kezkak eta zalantzak argitu ahal izateko.

Horrekin batera, baratzeen guneetan etxola bat ere izango da, erabiltzaileak aldatu, eta tresnak bertan gordetzeko: «Autokontsumorako gunea izango da, eta hori nabarmendu nahi dugu. Familia batek ezin izango du hemen bildutako barazkiekin urte osoan elikatu. Beraz, garaian garaiko produktuei balio handiagoa emango diete, eta lehen sektorearen lana baloratuko dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!